HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 24

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Maita ezazu zeure lagun hurkoa eta gorrota zeure etsaia”. Nik, ordea, hau diotsuet: Maita itzazue zeuen etsaiak eta egin otoitz eraso egiten dizuetenen alde, zeruetan dagoen zeuen Aitaren seme-alaba izan zaitezten, hark gaiztoentzat eta zintzoentzat ateratzen baitu eguzkia eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat egiten euria. Izan ere, maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, beraz, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala».

Mateo 5, 43-48.

Atzoko hitzen arrastotik doa gaurko Jesusen mezua. Eta pauso bat gehiago, atzokoaren eta gaurkoaren artean. Jarrerak eta ekintzak fintzearen oinarria, zertan datza? Ba, maitatzean eta otoitz egitean. Hortik, bakarrik, uler eta aurrera egin daiteke “Entzuna duzue aintzinakoei agindua… Nik, ordea, hau diotsuet…” horretan. Noski, Jesusek bakarrik apur ditzake, berak dakien bezala, lotzen eta estutzen gaituzten jarrerak, ekintzak, asmoak… Eta berak bakarrik eskaini dezake jomuga zabalago bat, sakonago bat; gizatasuna haratago daramalako, Jainkoaren betetasunera. Zentzuzko gizarte berri bat eraikitzeko, kreazio berri bat eraikitzeko, hain zuzen, zentzuaren oinarrian sendotua egon beharko dugu. Geure ustetan, geure indarretan bakarrik gelditzen bagara, nekez, behin eta berriz, aurrera egingo. Jesusen Jainkoarentzat guztiok aukera berdinak dauzkagu, guztiok gara bere seme-alabak; eta elkar horrela ikustera, elkar horrela ulertzera gonbidatzen zaigu. Berri On honen ikasle izan nahi duena prest egon behar oinarrietatik abiaturik haratago joateko. Guztiek izate eta oinarri berdina elkarbanatzen dugula sinisturik al nago?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude