HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaOtsailak 22
Aldi hartan, Jesusek, Filiporen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien ikasleei: «Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?». Haiek erantzun: «Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat». Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?». Simon Pedrok erantzun zuen: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea». Orduan, Jesusek esan zion: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta hau diotsut Nik: Zu Pedro zara –harkaitza−; harkaitz horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza, eta Herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emango dizkizut: zuk mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askatua».
Mateo 16, 13-19.
Betikoa izango da, agian, baina gaurkoan oso ohikoa gertatzen dena: besteek aipatzen dituzten bizikizunak, besterik gabe, norberarenak bihurtzea edota bilatu nahi izatea. Gaztelaniaz bada esaera berezi bat, oso adierazgarria gertatzen dena, eta euskaratuz antzeko zerbait esan daitekeena: “hura doan lekura, besteak doaz”. Hau da, besterik gabe, gehiegi planteatu gabe, zerbaiten atzetik. Eta, Jesusek, Jakinduria betea den horretatik eta paregabeko pedagogoa, gaurkoan ere esango baligu bezala: “Kontuz! Zeuk zeure bidea egin behar duzu; zuk, zeurea aurkitu behar duzu, eta horri izena eta izana eman”. Gonbidapen ederra, sakona, askatasunez eta bizitasunez betea. Noski, aurkikuntza edota antzemate honek, Jesusen Jainkoarengan oinarriturik, pertsona, bizitzan, konpromiso zehatz batera eramaten du: Herioaren indarrak nagusitu ez daitezen lan egitera. Hau da, egiazko Bizitza ereitera. Pedroren bizikizuna. Eta gutako bakoitzaren bizikizuna izatera deitua: aurkitzean oinarriturik eta Bizitzaren giltzak eskuetan jarriaz, herio ugarietatik norbera eta besteak askatzen joatea. Neure buruari galdetzeko prest? Bizitzaren giltzak eskuetan hartzeko prest?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments