HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 20

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak bezala, uste baitute beren hitz-jarioari esker entzungo diela Jainkoak. Ez izan haien antzeko, badaki-eta zuen Aitak zer behar duzuen, zuek eske hasi baino lehen. Beraz, zuek honela egingo duzue otoitz: «Gure Aita, zeruetan zarena: santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere. Emaguzu gaur egun honetako ogia; barkatu gure zorrak, guk ere geure zordunei barkatzen diegunez gero, ez gaitzazu utzi tentaldian erortzen, baina atera gaitzazu gaitzetik». Izan ere, zuek besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizkizue zeruko zeuen Aitak; baina besteei barkatzen ez badiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».

Mateo 6, 7-15.

Ebanjelioko pasarteak kristau-otoitz mamia dakarkigu gaurkoan. Otoitz egitea ez da hitz-jarioan aritzea, baizik eta norberaren baitara sartuaz, gero eta gehiago, hiru alderdiak lotzen joatea: Jainkoa, ni eta besteak; eta horretarako Espirituari, behin eta berriz, irekita egotea, joskera hori gero eta finagoa, estuagoa, zabalagoa izan dadin. Otoitza, aurkitze bat sendotzea da: sortu nauen Haren eta sortua izan naizen artean. Lehenik eta behin, ni nor naizen aurki edota antzeman dezadan; eta, ondoren, aurkikuntza hori besteen artean zabal dezadan, Jesusen antzera, erreinuaren arrastoak ereinez. Jesusek azaltzen digun otoitza ez da norbera lasai uzteko, ondo egoteko; baizik eta, barrutik sendotzeko, Beragan atseden eta indarra hartzeko gure eginkizuna, gure bokazioa, gaur eta hemen, zentzunez eta jomuga zehatza eduki dezan. Izatea, zentzua eta konpromisoa Harengandik abiaturik eta Harengan sendoturik. Zertarako otoitz egin? Eta non oinarritzen da?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (2 oihartzun daude)
L

2 Comments

  1. Jon

    Otoitza ez da norbera lasai uzteko, baizik eta sendotzeko.

  2. Avatar

    Otoitza gogorazteko Jainkoa gaur, atzo eta beti, agertzen dels, egunerokotasunean, lanean, familian, bizitzan… Nitaz espero zuena bete dut? Horregatik otoitza behar dut, bizitza Jainkoen moduan bizitzeko.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude