HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Otsailak 19

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak harekin– aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulki ospetsuan eseriko da, eta herri guztiak haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereiziko ditu, artzainak ardiak ahuntzetatik bereizten dituen bezala: ardiak bere eskuinaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean. Orduan, erregeak esango die eskuinekoei: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoen erreinua. Gose bainintzen, eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zineten”.

Orduan, zintzoek erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun goserik, eta eman genizun jaten, edota egarri, eta edaten eman? Noiz ikusi zintugun arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zintugun gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?”. Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: nire seniderik txikien hauetako bati egin zeniotena neuri egin zenidaten”.  Gero, esango die ezkerrekoei: “Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestaturik dagoen betiko sura. Gose bainintzen, eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta ez zenidaten edaten eman; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoen, eta ez zineten ni ikustera etorri”.

Haiek erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun goseak edota egarri, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?”. Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: txikien hauetako bati egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”. Eta hauek betiko zigorrera joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizira».

Mateo 25, 31-46.

Gaurko pasartearen hasierak pelikula fantastiko baten itxura dauka: izugarrizko gizon bat, aingeru guztiak, aintza betea, errege-aulki ospetsua, herri guztiak bilduta, ardiak, ahuntzak eta errege handia den gizaki horrek, lege zorrotzaren arabera, behin betirako zigorra edota oparia erabakitzen… Argumentu bikaina dirudi. Izan zitekeen, baina gaurkoan ez da horretarako gertatzen. Jesusek uzten digun argumentua da: begirada, zerura luza dezagun, eta ekintzak, lurrera zuzendu ditzagun. Gainera, hain handikiro hasten den gauza bat, erabateko xumetasunean sukaldatzen eta laburbiltzen da. Hain zuzen, gure bizitzako garrantzitsuena, alaitasuna sortzen duen zentzua, eguneroko detailetan jorratzen da. Baina norberak erabaki eta aukeratu behar pauso zehatzak ematea. Mateok hain bikain agertzen digu Jesusek berak ikasitako eta erakutsitako horretarako bidea eta, gainera, bere adierazpen garbiena eguneroko ekintza xume eta berez ateratzen diren on horietan duena. Betiko biziaren arrastoak eta betiko bizirako bidezidorrak. Non dabil nire begirada? Eta nire oinak?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (2 oihartzun daude)
L

2 Comments

  1. Avatar

    Askotan begirada neure barruan, nola sentitzen naizen ni, eta ez besteon beharrez.

    Eskerrik asko Jesús, beste modu batean ikusi eta bizitzeko aukeragatik

  2. Avatar

    Askotan begirada neure barruan, nola sentitzen naizen ni, eta ez besteon beharrez.

    Eskerrik asko Jesús, beste modu batean ikusi eta bizitzeko aukeragatik

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude