HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaOtsailak 18
Aldi hartan, Espirituak basamortura bultzatu zuen Jesus. Berrogei egunez egon zen basamortuan, Satanasek tentatzen zuela. Basapiztien artean bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari. Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutenean, Jesus Galileara joan zen eta Jainkoaren Berri Ona hots egiten zuen. Honela zioen: «Bete da epea, eta hurbil da Jainkoaren erregetza. Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona».
Markos 1, 12-15.
Garizumako lehenengo igandeak Jesusen tentaldiaren misterioan murgiltzen gaitu. San Markosen liburuko ikonoa benetan trinkoa da, minimalista, akaso. Bere detaile urriek panorama zabala bezain sakona ematen digute ikusgai, Jesusen antzera guk ere geure bizitzako hautamena egin dezagun Espirituak bultzatuta, den guztia Jainkoaren onginahira bideratzeko, bere ederrenean izan dadin.
Izan ere, Hasiera liburuko paradisua ekartzen du gogora gaurko pasarteak, paradisua tentatzailearen eraginpean basapiztiez beteriko basamortua bilakatu bada ere. Espirituak bultzatuta gure basamortura etorria da Jesus, eta basapiztien artean eta aingeruak zerbitzari dituela, gizaki berria bezala aurkezten zaigu. Jesus gure basamortura etorrita paradisua zabaltzen duen gizatasun berriaren hasiera eta gizatasun berri horren nagusitzaren promesa gertatzen da. Jesus bera den Jainkoaren Erregetzaren hurbiltasunak indartzen gaitu tentazioari aurre egiteko.
Berritu dezagun gure kristau izatea, gure giza askatasuna, Jainkoaren hurbilekoak izanez, gizatasun berriaren partaide egin gaitzan: senideen hurbiltasuna bilatzen eta sortzen, arreta bereziz beharrean daudenen alde.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments