HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 13
Aldi hartan, ikasleei ogia hartzea ahaztu zitzaien, eta bat bakarra zeukaten ontzian. Jesusek ohar hau egin zien: «Begira gero! Kontuz ibili fariseuen eta Herodesen legamiarekin». Haiek, berriz, eztabaidan ari ziren elkarrekin, ogirik ez zutelako. Konturatu zen Jesus eta esan zien: «Zer ari zarete ogirik ez duzuela eta? Oraindik ez al duzue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak al zarete? Begiak izan, eta ez al duzue ikusten? Belarriak izan, eta entzuten ez? Ez al duzue gogoan, bost mila gizonen artean bost ogiak banatu nituenean, zenbat saski bete zenuten hondarrekin?». «Hamabi», erantzun zioten. «Eta lau mila gizonen artean zazpi ogiak banatu nituenean, zenbat otarre bete zenuten hondarrekin?». Erantzun zioten: «Zazpi». Orduan, Jesusek: «Eta oraindik ere ez duzue ulertzen?».
Mateo 8, 14-21.
Hau panorama! Bazkari jendetsuaren mirari arrakastatsua Jainkoaren Erregetza gertu-gertu dagoenaren ezaugarria nabarmena bada, porrota dela ematen du. Ez da harritzekoa adituek Galileako krisia deitzea Jesusen misioaren une honi. Alde batetik, fariseuek, Berri Onaren aurrean bihotz gogortasuna eta azpikeria besterik ez dute erakusten. Bestetik, ikasleek ez dute ezer ulertzen. Barregarri dirudi, bazkari jendetsuaren ondoren ikasleak ogi faltagatik eztabaidan eta aztoratuak egotea. Onartu beharra dugu ikasleen hanka-sartze eta gaizkiulertuek irribarre konplize bat ateratzen digutela, haietan gureak ikusten ditugulako.
Jesusen harridura ulertzekoa da, baina ikasleekin jarrera pedagogikoa erakusten du. Bihotz gogortasunaz eta azpikeriaz ohartarazi nahi ditu ikasleak, kristau izena daramagunontzat egiazko arriskua baita. Baina bihotz onaz Jesusi jarraitzen badiogu ere, badirudi horrek ez dakarrela berez, Harekin bizitzen duguna berezko sakontasunean eta garrantzian ulertzea. Teologiaz baino, fede-zentzuaz ari da Jesus: aztoratu eta kezkatu gaitzaketen arazoak fedearen argitan bereizteko gaitasunaz eta, ondorioz, Jainkoaren onginahiarekin bat eginda denetan Haren Erregetzaren gertutasuna bizitzeko gaitasunaz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments