HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 10
Egun haietan, berriro jendetza oso ugaria izanik eta zer janik ez, Jesusek ikasleei dei egin eta esan zien: «Erruki dut jende hau; badaramate hiru egun nirekin eta ez dute ezer ere jateko. Etxera baraurik bidaltzen baditut, bidean akiturik geldituko dira, urrutitik etorriak ere badira eta». Ikasleek esan zioten: «Baina nondik atera bakardade honetan hauek asetzeko adina ogi?». Hark galdetu zien: «Zenbat ogi duzue?». Eta haiek erantzun: «Zazpi». Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu zion. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei eman zizkien, bana zitzaten. Haiek jendeari banatu zizkioten. Bazituzten arraintxo banaka batzuk ere; Jesusek bedeinkatu zituen eta haiek ere banatzeko agindu zien. Asetzeraino jan zuten denek, eta zazpi otarre bete zituzten hondarrekin. Lau mila inguru ziren. Ondoren, Jesusek agur egin zien, eta bere ikasleekin txalupara igo eta Dalmanuta aldera joan zen.
Markos 8, 1-10.
Gaurko Ebanjelioak erakusten digu nola espero behar dugun Jainkoaren egitea munduan. Ez du Berak bakarrik egiten dena gizakion egitea ere espero da. Alde batetik, Jesusek jendearekiko sentitzen duen errukiak Jainkoaren gizakion aldeko konpromisoaren eta borondate onaren erakusgarri dugu. Baina bestaldetik, Jesusek bere diszipuluei ematen dien jendearekin daukatena partekatzeko agindu dugu. Jende asko da, eta jendearen beharraren mailaren aurrean, oso gutxi, gutxiegi da diszipuluek eskaini dezaketena. Berdin du, Jesusek jendearekin daukatena partekatzeko agindua ematen die… Eta azkenean, denek jan ez ezik, baita sobera handia ere izan zen jan ondoren jaso izan zutena. Mirari bat izan zen, jakina, baina azkenean bakarrik egiaztatu zen. Diszipuluek hasitako partekatze-dinamika Jainkoak betetasun osora eraman zuen.
Honela, kontakizunak bi irakaspen gogoarazten dizkigu: lehenengoa, kristauok Jainkoaren Erreinua agerian jartzen lagundu behar dugula gure egitez; eta horrek konpromisoa eskatzen du. Bigarrena, Erreinuaren balioetatik eta Erreinuaren alde jarduten dugunean, Jainkoak gure lanak bedeinkatuko, eta giza kalkulu eta igurikapen zuhurrek imajina dezaketenaz baino askoz haratago eramango dituelako konfidantzan bizi gaitezkeela. Itxaropen horretatik eta bere eguneroko kontestutik kristauak munduaren eta gizartearen eraikuntzan abanguardiako postu bat hartu behar du.
Jesusen aurrean gaurko ebanjelioa kontenplatu, zein dira Ebanjelioaren araberako gizarte baten eraikuntzan hartu beharko zenituzkeen konpromisoak?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments