HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 8

Aldi hartan, Jesus Tiro aldera joan zen. Etxe batean sartu zen, eta ez zuen inork jakiterik nahi; baina ezin izan zen ezkutuan egon. Alaba espiritu gaiztoak hartua zeukan emakume ahuspeztu bat, Jesusen berri jakin zueneko, etorri eta oinetan zitzaion. Emakumea jentila zen, feniziarra. Eta alabagandik deabrua botatzeko eskatzen zion Jesusi. Jesusek erantzun zion: «Utzi lehenbizi seme-alabak asetzen; ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte seme-alaben ogi-apurrak mahaipean». Orduan, Jesusek: «Erantzun horrengatik, zoaz; atera da deabrua zure alabagandik». Itzuli zen etxera, eta ohean etzana aurkitu zuen neskatxa; alde egina zen deabrua.

Markos 7, 24-30.

Aurreko egunetako ebanjelioek moral bikain batera iristeko kasuistikak dituen arriskuez ohartarazten baziguten, gaurkoak halako morala egikaritzea eragozten duen beste arazo bat gogorarazten digu, hau da: aurreritzien menpeko bizitzea.

Feniziar, hau da, atzerritar jentila, zen emakume batek Jesusengana laguntzaren eske doa, eta honen erantzuna benetan gogorra da: laguntzarik ez, eta gainera, garai hartako judu fededunen modura, “txakurra” iraina zuzentzen dio beharrean dagoen emakume gaixoari. “Txakurrak” ziren, jakina, atzerritar jentil fedegabeak israeldar zintzoentzat; eta Jainkoak israeldar zintzo horiek bakarrik zituen gogoko, noski. Jesusen hasierako erantzun horrek gizaki guztiok (onak eta zintzoak hartzen ditugunak ere) mota bateko ala besteko aurreritziak ditugula agerian uzteko balio du. Ezin ditugu ebitatu; aurreritziak giroan, hartutako heziketan, jaso izandako tradizioetan… non-nahi daude, eta horregatik askotan hor, gurekin daudela, konturatzeko gai ere ez gara.

Interesgarriena da, alabaina, kontakizunak aurreritziak gainditu ahal izateko erakusten digun bidea. Bide hori lagun hurkoaren beharrak edo minak gu ukitzen uztea da.  Haren beharrak emakume feniziarra ama baten maitasunetik bizitzera eraman zuen, ez ordea,  judu-jentilen arteko bereizketak sortutako aurreritzietatik; berari bakarrik axola zitzaiona bere alabaren sendaketa zen. Hau dela eta, Jesusen iraina onartuko zuen, ondoren hari laguntza berriro eskatzeko, apal-apal: txakurra izan naiteke, baina salbatu nire alaba. Eta halako erantzunak edonola ukituko zuen Jesus, hain berarenak zituen errukitasun eta maitasun handiak berriro agertaraziz, berarengan ohikoa zenez. Azkenean, Jesusek, errukiak mugitua, emakumearen alaba sendatuko du, eta guri aurreritzien aurrean nola jokatu behar dugun erakuspena uzten digu. Aurreritziak unibertsalak izan daitezke, baina pertsona onak, lagun hurkoaren beharra sentitzeko gaitasuna duenez, gainditu ahal izango ditu Jainkoaren laguntzaz.

Jesusen aurrean gaurko ebanjelioa kontenplatu, eta hari eskaiozu zure aurreritzien ezagutza eta haiek garaitzeko ikusmenaren era bihotzaren sendaketa.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.