Aratuste zein inauteri jai-garaia garizuma aurreko egunetan ospatzen dugu. Zergatik? Ba, aiko. Gaur egun daukagun egutegia Gregorianoa dugu. Julio Cesarrek K.a.-ko 46an osatu zuen egutegia, 1582an Gregorio XIII. Aita Santuak eratu eta kristautu egin zuen. Urteroko egutegia hartuz, martxoko ekinoziotik hurrengo ilbetea ikusi eta jarraian datorren igandea beti izango da Pazko Eguna. Egun horretatik atzerantz bagatoz, aste bete lehenago Erramu Eguna ospatzen da eta berrogei egun lehenago, asteazkenez, hausterre-eguna, garizumaren hasiera. Eta, jakina, bezpera, aratuste zein inauteri asteartea dugu. Horrexegatik ospatzen dira jaiok garizuman sartu aurreko egunotan, Eleizaren aspaldiko agindua betetzeko eta urte bakoitzean egun ezberdinetan, ilargiaren arabera. Garizuma garai garrantzitsua izan da kristauontzat, ostiraletako bijilia edo haragi uztetik hasi eta Pazkoazkoaz bete arte. Horretarako Aste Santu aurretxoan, gogojardunak egiten ziren eleizetan misiolariak bitarteko. Gaur egun, Garizuma, Aste Santu eta Pazko Egunaren ospakizunak aldatzen joan arren, aratuste edo inauteriak Garizuma aurrean ospatzen dira. Jai hauen jatorriari buruz, iritziak iritzi, euskal ohitura jatorrez gain, greko-erromatarren eraginak ere badaude. Azken urteotan, jai hau komertzializatu egin da eta jatorrizkotik urrundu. Sinismendunak zein agnostikoak izan, elkar errespetatzea litzateke bidea. Halabiz!
0 Comments