HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 5
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak, itsasoa igaro ondoren, Genesaretera iritsi ziren eta bertan lehorreratu. Ontzitik atera orduko ezagutu zuen jendeak Jesus, eta lurralde hartan barna joan ziren; eta Jesus nora, haraxe eramaten zizkioten gaixoak ohatiletan. Jesus joaten zen herri, auzo nahiz baserrietan, gaixoak atarietan ipintzen zizkioten. Soineko-ertza bederen ukitzen uzteko eskatzen zioten, eta ukitzen zuten guztiak sendaturik gelditzen ziren.
Markos 6, 53-56.
Gaurko kontakizunak modu figuratiboan erakusten digu Jesus bizi-iturri dela. Jesusengana joaten ziren pertsonak eta, batez ere bere diszipuluak, Jesus eratzen eta osatzen zuen bizi-botearen lekuko izan ziren. Bere irakaspenetan, baita egiten zituen mirari-zeinuetan ere, agertarazten zuen bizi-botere hura. Bizia Jainkoaren Erreinuaren barruko esentzia eta mamia da, eta Jesusen aurrean agerian gertatzen zen Jainkoaren presentzia.
Gaurko Ebanjelioak Jesusengana hurbiltzera, hura ukitzera iristeraino, gonbidatzen gaitu. Jesusengan sendatzen gaituen Jainkoarena den bizi-boterea aurki dezakegu, eta horregatik Jesusekiko hura ukitzeraino iristen den harreman intimoa desiatu eta bilatu beharko genuke.
Jesus ukitzea eta Jesusen ukituak izatea ere izango da gaia hurrengo egunetako ebanjelioetan berriro ere.
Jesusekin elkarrizketan gaurko pasartea kontenplatu dezakegu: Zer esan nahi du Jesus ukitzeak? Egin nahi al duzu? Zer sendatu beharko lizuke Jesusen ukitzeak?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments