HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 4
Aldi hartan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen eta Andresen etxera joan zen zuzenean, Santiagorekin eta Joanekin. Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrarekin; berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi. Joan zitzaion Jesus ondora, eskutik hartu eta jaikiarazi zuen. Sukarrak alde egin zion, eta zerbitzatzen hasi zitzaien. Arratsean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eraman zizkioten Jesusi. Herri guztia bildu zen atarian. Eta hark gaixo asko sendatu zuen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota zuen. Deabruei ez zien uzten hitz egiten, bazekiten-eta nor zen. Goizean goiz, artean ilun zegoela, Jesus herritik atera eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen. Simon eta lagunak Jesusen bila hasi ziren eta, aurkitzean, esan zioten: «Jende guztia zure bila dabil». Hark, ordea, erantzun: «Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere Berri Ona hots egitera, horretarako atera bainaiz». Hala, Galilea guztian barna ibili zen, hango sinagogetan Berri Ona hots egiten eta deabruak botatzen.
Markos 1, 29-39.
Markosen liburuaren hasieran kokatzen den irakurgaia dugu gaurkoa. Markosen ebanjelioak, lau ebanjelioetako laburrena izanik, Jesusen bizitza, hitzak eta ekintzak era trinkoan azaltzen ditu. Gaurkoa horren eredu dugu. Esan dezakegu txatal gutxi hauetan Jesusen egunen eredua jasotzen dutela. Nola igarotzen zituen Jesusek bere egunak? Markosek zati honetan jasotzen duenarekin zerikusi zuzena izango zutelakoan gaude. Jesusen bizitzaren atal guztiak agerian jartzen ditu Markosen ebanjelioaren zati honek: Jesus bere taldekideekin hurbileko harremana mantentzen zuela behar izanean dauden pertsonekiko arreta esanguratsua zuela, pertsonalki Jaungoikoarekiko lotura sustatzen zuela, guztiei berri Ona zabaldu nahian zebilela.
Zure bizitzako zein atal behar duzu Jesusen estilora bideratu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments