HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 2

Moisesen legearen arabera, amari garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaionean, gurasoek Jerusalemera eraman zuten Jesus, Jaunari aurkezteko. Izan ere, honela dago agindua Jaunaren legean: «Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko dizkiozue». Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini behar zuten: «Bi usapal edota bi usakume».

Bazen Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen, eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zen. Legeak agintzen zuena betetzeko gurasoek Jesus haurra tenplura eraman zutenean, Simeonek haurra besoetan hartu eta Jainkoa bedeinkatu zuen, esanez: «Orain utz dezakezu, Jauna, zeure morroi hau bakean hiltzen, Zeuk hitzeman bezala. Ikusi dute nire begiok zugandiko salbamena, herri guztien aurrean Zuk aurkeztua: nazioak argitzeko argia eta zure herri Israelen ospea».

Haurraren aita-amak harriturik zeuden haurraz esaten zirenekin. Eta Simeonek bedeinkatu egin zituen, eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, israeldar asko erortzeko eta beste asko altxatzeko ipinia dago hau; eztabaida sortzen duen ezaugarri izango da, horrela bihotz askotako asmoak agerian geldi daitezen. Eta zuri ezpata batek aldez alde zulatuko dizu arima».

Bazen profetesa bat ere, Ana zeritzana, Fanuelen alaba, Aserren jatorrikoa. Urteetan oso aurreratua zen; gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Gau eta egun tenpluan egoten zen, barau eta otoitz, Jainkoa zerbitzatzen. Ordu hartan han gertatu zen, eta Jainkoa goresten eta haurraz mintzatzen hasi zitzaien Jerusalemen askatasunaren zain zeuden guztiei. Jesusen gurasoak, dena Jaunaren legeak agintzen duen bezala bete ondoren, Galileara itzuli ziren, beren herri Nazaretera. Haurra hazten eta indartzen zihoan, jakinduriaz betetzen ari zen eta Jainkoaren grazia berekin zuen.

Lukas 2, 22-40.

Lukasen ebanjelioak ohi duen moduan, Jesusen jaiotzarekin eta bere bizitzako lehenengo urteekin lotura zuzena duten irakurgaiek sendotasun berezia dute. Datu esanguratsuak eta pertsonaia eredugarriak agertzen dira Lukasen ebanjelioaren hasierako kapituluetan. Gaurko jaiak, Lukasen ebanjelioaren hasieran agertzen den irakurgai horietako bat dakar. Irakurgai hau Itun Zaharra eta Itun Berriaren arteko banda bezala ikus dezakegu. Lege zaharraren ildotik Jesus tenplura daramate bere gurasoek eta pobreen eskaintza egiten dute “bi usapal edota bi usakume” lehen semea sagaratzeko erritoarekin betetzeko. Baina errito zaharra, Jesus erdigunean jarrita, esanahi berriaz betetzen da. Horrela izango da une honetatik aurrera. Jesus erdian jarrita errealitate osoa argi berriz betetzen da, esanahi berriz ulertu dezakegu. Hau da gaurko jaiak dakarkigun aukera: Jesusen presentziak errealitatea esanahi berriz betetzen dela. Arrunta zen ohitura betetzea. Askok ez zuten guraso eta seme horrengan gauza berririk igarri. Simeonek eta Anak, bai. Arrunta da eguneroko bizitza edo ez horren arrunta Jaungoikoaren presentzia igartzen dugunean?

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude