HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 1

Aldi hartan, Jesus Hamabiei dei egin eta binaka bidaltzen hasi zen, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena ematen ziela. Biderako ezer ez hartzeko agindu zien, makila besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta dirurik ere gerrikoan; oinetan sandaliak eraman zitzatela; baina aldatzeko soinekorik ez. Gero, nola jokatu esan zien: «Etxe batean sartzean, gelditu bertan herri hartatik atera arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituztete eta entzun nahi ez badizuete, handik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, haien kontrako seinaletzat». Joan ziren, bada, Hamabiak eta Berri Ona hots egin zuten, jendea bihotz-berri zedin. Deabru asko botatzen zuten eta gaixo asko sendatzen, olioz gantzutuz.

Markos 6, 7-13.

Jesusen Berri Onaren edukiek bere segizioan indartsu mantentzeko dira askotan, gaurko kasuan bezala. Berak sortutako taldeak garaiko beste taldeekin izango zituen amankomuneko ezaugarriak, ziur. Baina baita garaiko taldeetatik aldendu egiten da nolabait. Irakurgai honetan I.go mendeko jarraitzaileek nolatan Jesusen jarraitzaileak zirela adierazteko era azaltzen da eta Jesusen esanekin eta izanarekin lotura zuzena dute ezaugarri horiek: Erreinua da muinean dagoena eta muina izan behar du zereginaren lehentasuna. Pasarteak Jaungoikoaren Erreinuan norberak zer behar duen eta soberan zer duen azaltzen du. Baita zein izan behar duen besteekiko harremana ere agerian lagatzen du. 

Gaur egungo entretenimenduaren gizartean, funtsezkoaren eta alferrikakoaren arteko bereizketa egitea identitatearen adierazpen oso bat da. Zer da, zeintzuk dira erdigunean ipintzen ditugunak? Zer edo zeintzuk daude gure lehentasunen artean?

Bestalde irakurgai honek ere adierazgarria den beste datu bat eskuragarri uzten digu. Hamabien zereginaren arrakastaren neurria ez da zenbatek jarraitzen duten Jesus, baizik zenbatek askatasun eta osasuna lortu eta nabaritzen duten. Jesusen jarraitzaileon arrakastaren adierazgarriak zeintzuk diren behin eta berriro aztergai izan behar dugun gaia da.

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude