HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 31
Aldi hartan, Jesus bere herrira joan zen, ikasleak ondoren zituela. Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok, harriturik, hau zioen: «Nondik du honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? Hau ez al da, ba, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez al dira hemen gure artean bizi?». Eta ezin zuten sinetsi harengan. Jesusek esan zien: «Profetari edonon ematen diote ohore, bere herrian, senitartean eta etxean izan ezik». Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen, eskuak gainean ezarriz. Eta harriturik zegoen haien sinesgogorkeriaz. Gero, inguruko auzoetan ibili zen, irakasten.
Markos 6, 1-6.
Jesus alde batera eta bestera dabilela ikustera ohituak gara. Gaurko honetan bere herrira bueltatzen da. Betiko Jesus da baina ez da betiko legez ari. Bere herritarrak nabari dute aldaketa: jakintsu, mirarigile… Hala ere sinesgaitzak dira. Askotan gure gizartean entzun ohi dugu ikusten dugunagan baino ez dugula sinisten. Agerian geratzen da gaurko irakurgai honetan, ikustea ez dela sinisteko ezinbesteko baldintza. Sinesteak, konfiantza eskatzen digu. Sinesmenak errealitatea beste era batera izan daitekeela onartu behar du. Onartu behar du errealitatearen muina ontasunez ernetuta dagoela. Eta batez ere errealitatearen irakurketa zuzenak ez dakarrela bakarrik sinesgaiztasunetik hastea. Beharbada errealitatearen irakurketa kritikoa nabarmentzeak lehenik eta behin, mesfidati izatera eraman gaitu. Jesusek bere presentziaren aztarnak igartzeko, ontasunaren eta justiziarenak, alegia, irakurketa fidagarria eskatzen du. Eta zuk errealitatea konfiantzaz edo mesfidati begiratzen duzu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments