HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 30
Aldi hartan, Jesus itsasoaz beste aldera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion. Oraindik itsaso ondoan zegoela, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik, arren eta arren eskatzen zion: «Alabatxoa hilzorian dut; zatoz haren gainean eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi». Jesus harekin abiatu zen.
Jende asko zihoakion ondoren, estutzen. Bazen han emakume bat, hamabi urte haietan odol-jarioz zegoena. Hamaika sendagileren eskuetan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusen berri entzunda, jende artean atzetik joan eta jantzia ukitu zion, honela baitzioen, bere artean: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Une berean odol-jarioa gelditu zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean.
Berehala antzeman zion Jesusek halako indar bat atera zitzaiola barnetik eta, jende artean itzulirik, galdetu zuen: «Nork ukitu dit jantzia?». Ikasleek erantzun zioten: «Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi, eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?». Baina Jesus ingurura begira zebilen, nork egin ote zion hori. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar –ongi baitzekien zer gertatu zitzaion–, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. Baina Jesusek esan zion: «Alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza». Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esanez: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari?». Baina Jesusek, hitz horiek entzunik, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi!».
Ez zion inori ere berekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik. Sinagogako buruzagiaren etxera iristean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan zien: «Zer dela-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago». Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek denak kanpora bidali zituen eta, neskatxaren aita-amak eta berekin zituenak harturik, neska zegoen tokira sartu zen. Neskari eskutik heldu eta esan zion: «Talitha, kum» (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut, jaiki»). Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen. Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.
Markos 5, 21-43.
Zein ederrak diren Jesusen eta emakumeen arteko topaketak!!! Irakurgai honetan bi emakume agertzen zaizkigu Jesusekin harremanetan.
Biek leku ezberdinetatik aurre egiten diote egoerari. Jairoren alabak, beragandik erantzuten duen gizona du alboan, aita, alegia. Bere bitartekaria da. Gaixo dagoen emakumeak ez du gizonik aldamenean, bakardadetik hurbiltzen da Jesusengana. Bitartekaririk gabe hurbiltzen zaio.
Bien arteko antzekotasun esanguratsu batzuk badaude ere. Emakume biak irtenbiderik gabe daude. Neskatxoak hamabi urterekin bizitza galdu du. Emakume bakartiak, hamabi urtetan zehar osasuna berreskuratzeko bizitzan zuen guztia galdu du. Biek, Jesus ukitzean, bizitza berreskuratzen dute. Odol jarioek emakumea irtenbide gabeko lohikerian mantentzen dute, hala ere, Jesusen arropen hertzik sagaratuena ukitzen du. Eta aldaketa nabaritzen du. Ez arropa ukitzen duelako – hainbatek ukitzen zuen jendartean bai doa Jesus Jairoren etxerantz– fedeaz hurbiltzen zaiolako baizik. Eta Jairoren fedea da Jesus alabarenganaino eramaten duena, nahiz eta batzuk barrez izan.
Jendartean Jesusenganaino hurbiltzen den emakumeak ebanjelio osoan titulurik handiena jasotzen duen pertsona da: Alaba!! Horrela izendatzen du Jesusek. Lohiena , familiartekoa. Hala bedi gaur ere.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments