HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 29
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak itsasoaz bestaldera joan ziren, gerasatarren lurraldera. Jesus ontzitik jaitsi zeneko, espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat atera zitzaion hilobi artetik bidera. Hilobietan bizi zen, eta ezin zuen inork lotuta eduki, ezta katez ere; askotan lotua zuten girgiluz eta katez, baina hark kateak hautsi eta girgiluak puskatu egiten zituen, eta ez zen inor ere hura menderatzeko gauza. Gau eta egun, hilobi artean eta mendiz mendi ibili ohi zen etengabe, marrumaka eta bere burua harriz zauritzen.
Urrutitik Jesus ikustean, lasterka joan eta aurrean ahuspeztu zitzaion. Eta oihu handiz esan zion: «Zer duzu nirekin, Jesus, Goi-goiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez nazazu oinazetu». Izan ere, Jesusek hau agindu baitzion: «Atera hadi gizon honengandik, espiritu gaizto hori!». Orduan, Jesusek galdetu zion: «Nola duk izena?». Hark erantzun: «Taldea, asko gara eta». Eta arren eta arren eskatzen zion, ez zitzala lurralde hartatik kanpora bidal.
Txerri-talde handia zebilen mendi inguru hartan, uxarrean. Espiritu gaiztoek eskatu zioten Jesusi: «Bidal gaitzazu txerrietara, beraietan sar gaitezen». Hark baimena eman zien; orduan, espiritu gaiztoak gizonagandik atera eta txerrietan sartu ziren, eta txerri-taldea ezpondan behera itsasora amildu zen; bi mila inguru txerri ito zen. Txerrizainek ihes egin eta gertatuaren berri zabaldu zuten herrian eta auzoetan; eta jendea, zer gertatu zen ikustera etorri zen. Jesusengana iristean, han ikusi zuten deabruduna, eserita, jantzirik eta bere onean, lehen deabru-taldearen menpe zegoen huraxe bera, eta biziki izutu ziren. Ikusi zutenek, deabrudunari gertatua eta txerriena kontatu zieten. Orduan, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten Jesusi.
Jesus ontzira igotzean, deabrudun izanak arren eskatzen zion berarekin ibiltzen uzteko; baina Jesusek ez zion utzi, baizik hau esan zion: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinarazi Jaunak, zutaz errukiturik, egin dizun guztia». Joan zen, bada, eta Jesusek egin ziona hots egiten hasi zen Dekapolisko lurraldean. Harriturik gelditzen ziren denak.
Markos 5, 1-20.
Jesusen ebanjelioaren Berri Onak, behin baino gehiagotan ekartzen digu Jesusen eta pertsona zaurgarrien arteko hartu emana. Gaurko irakurgai honek Jesus eta gizon gerasatarra ipintzen ditu aurrez aurre. Beste pasarte batzuengandik aldendurik Markosek dakarkigun honek laguntza behar duenaren inguruan datu asko ematen dizkigu, bere egoeraren inguruko datuak, alegia. Gaitzak dakarren ondorioen zehaztasunez beteriko zerrenda agerian lagatzen digu ebanjelioko atal honek. Bere egoera pertsonalak eta gizarteak sortu dituen irtenbideek sortzen dituzten ondorioak: bakardadea, bazterkeria, sufrikarioa, gizatasun ahuldua…. Injustiziak, gaitzak orokorrean, konplexutasun handia duela erakustarazten digu. Egoera horren erdian Jesus agertzen da. Aproposa den erantzuna ezin da sinplea izan, larritasunaren neurrikoa baizik. Gure gaur egungo gizartearen argazki fina izan zitekeen gaurko irakurgai hau. Erantzunak ere neurrikoak izan beharko lirateke.
Gerasatarren gizarteak, eta gure gizarteak neurri baten ere, irtenbide sinpleak nahiago ditu errealitate konplexuen aurrean: isolatu, ikusezin, ezabatu, madarikatu… eta segi aurrera. Gerasatarrek Jesusen irtenbidea ez zuten gustukoa izan eta alde egiteko “gonbidapena” egin zioten. Askatasuna lortu zuen gizonak aldiz Jesusen jarraitzaile izatea nahi izan zuen eta bere apostolu bilakatu zuen Jesusek berak: “joan eta aldarrikatu Jaunak egin dizuna”. Guretzat gaur ere hau izan daiteke egiten zaigun gonbidapena: onartu Jaunak gugan egin duena eta aldarrikatzea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments