Gure espiritu gaiztoak (Mk 5, 1-20)

2024 Urt 29
Batzuetan, Jauna,
—edo ia beti, ez dakigu ondo—
kanpoko zenbait indar
barru‑barrura sartzen zaizkigu
eta egin nahi ez duguna egitera behartzen gaituzte,
egin nahiko genukeena egiten utzi gabe.
Min egiten digute sarritan
—eta lotsarazi beste askotan—,
baina ez gara askatzeko gai izaten:
menderatzen gaituzte,
kate sendoak lotuko bagintu bezala.

Zernolakoak diren aztertzen hasten bagara,
asko direla ikusiko dugu:
kontsumoa,
hedonismoa,
norberekeria,
axolagabekeria…
eta beste hainbat,
nork bereak dituelarik.
Eta gainera elkarri laguntzen diote:
batak bestea indartzen eta bultzatzen dute,
ondo antolatuta baleude bezala,
eta sinestarazi nahi digute
ez direla hain kaltegarriak,
normal‑normalak direla
eta mundu guztiak halakoak dituela,
ez dagoela bizimodu atsegin horretatik
alde egiten saiatzeko beharrik.

Baina Jesusek besterik uste du:
espiritu gaiztoak direla,
zikinak, lohiak, kutsakorrak,
txerrientzat baino onak ez direnak
eta gizakiongandik atera behar direnak, alegia.

Eskerrak ematen dizkizugu, Jauna,
ezkutaturik daramatzagun indar gaizto horiek
argitara ateratzen laguntzen diguzulako.
Eskerrak,
Jesusen aurrean jartzen garenean,
gauzak bestela egin ditzakegula
sentiarazten diguzulako.
Eskerrik asko,
norberaren espiritu gaiztoen kontrako borrokan
laguntzen diguten neba‑arrebengatik.

Lagun iezaguzu, Jauna,
emaguzu argia
zernolako indarren kontra
borrokatu behar dugun jakiteko;
eta eman adorea
borroka horretan gau eta egun,
etengabe irauteko.
Jakin dezagula Jesusen aurrean
apaltasunez agertu
eta laguntza eskatzeko;
agian horrela berak
“irten horrengandik” aginduko du
eta libre izango gara berriro,
hari jarraitzeko
eta gure alde egin duzun guztia
gure inguruan erakusteko.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude