HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 28

Kafarnaumen, larunbatean sinagogan sarturik, irakasten hasi zen Jesus. Jende guztia txunditurik zegoen haren irakaspenaz, nagusitasunez irakasten baitzien, eta ez lege-maisuek bezala. Bazen, hain zuzen, sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat, eta oihuka esan zuen: «Zer duk gurekin, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua». Jesusek gogor eraso zion: «Isil hadi eta atera gizon horrengandik!». Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra eman zion eta, garrasi handia eginez, atera egin zen gizonagandik. Denak ikaraturik gelditu ziren, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die, eta obeditu egiten diote!». Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.

Markos 1, 21b-28.

Gure eguneroko ezintasunean sartuta gaudenean eta ilunpeak hartzen gaitunean, behar izaten dugu norbaitek astindu eder bat ematea eta laguntzea sakontasuna ematen gure begiradari. Espiritu gaiztoak har gaitzake gure eguneroko errutinetan egin beharrekoak ondo egiten ari garelaren ustetan.

Hortik ateratzen lagun gaitzakeena beste pertsona batekin izandako elkarrizketa bat ala gure otoitzean aurkitutako bake edo argi bereziren bat izan daiteke, esate baterako. Baina horretarako beharrezkoa dugu gure mugak izan ditzakegula onartzea umiltasunez. Pasarte honetan agertzen den pertsona hori gutako edozein izan gaitezke, eta guk ere “oihuka” egin dezakegu eguneroko bizitzan gure barneko amorru, pazientzia falta edo hitz ironikoekin. Guk ere Jesusen astindua behar izaten dugu.

Eta hau heltzen denean eta Jesusen ukitua sentitu edo ikusten dugunean, laister betetzen zaigu bihotza eta gogoa. Legamia jaso duen irinezko orea bezala handitu eta harrotu egiten zaigu barrua. Galilean zehar Jesusen berria sakabanatu zen bezala.

Baina hala egiten al dut nik ere? Errazagoa al da nire egonezina eta protesta zabaltzea, Jesusen berri ona eta ukitu salbatzailea baino?

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude