HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 26

Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!”. Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”».

Lukas 10, 1-9.

Jesusen maitasun eta adiskidetze proiektuak Espiritu Santuaren laguntza eta grazia behar du. Beraiek dira protagonista nagusia.

Baina gu, bere jarraitzaileak, gonbidatuta gaude bere partaide izatera. Gatza eta argia. Bizitza eta munduaren zirrikituetatik bere mezua zabaltzera gonbidatuak. Eta hau gure eguneroko ekintza, hitza, keinu, erabaki eta begiradetan.

Baina Jesusek bakeari egiten dion aipamen esplizitua ez dugu aldentzen utzi behar. Hemen ere, ezinbestekoa da bizitzako pertsonen arteko pitzaduretatik gu ere Jesusen partaide izatea. Oso erraza izan daiteke gure adiskide eta antzeko pertsonekin bakean bizitzea, beraien etxeetan geratzea, ez hainbeste, ordea, desberdinekin. Nolanahi ere, zeregin garrantzitsu bat daukagu gure barneko bakea lantzen eta lortzen besteengana hurbildu baino lehen. Eta horrela hurbil izango dugu Jainkoaren erreinua.

Nola lantzen dut nire barneko bakea? Non jartzen ditut nire segurtasunak bakea ez galtzeko?

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude