HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 24
Aldi hartan, Jesus Hamaikei agertu eta esan zien: «Zoazte mundu guztira eta hots egin Berri Ona izaki guztiei. Sinetsi eta bataiatzen dena salbatuko da; sinesten ez duena, berriz, kondenatuko. Sinesten dutenek seinale hauek izango dituzte lagun: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berrietan mintzatuko dira, sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanda ere, ez die kalterik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».
Markos 16, 15-18.
Berri Ona hots egin ezazue mundu guztian zehar… Zabaldu ezazue duela gutxi Jesus Haurtxo jaioberriak ekarri digun maitasunezko mezua, bere jaiotzarekin dena aldatu zuenaren Berri Ona.
Guk, Jesusen jarraitzaileok, bere ereduari tinko helduz bere Berri Ona zabaltzeko agindua jasotzen dugu. Nola lortu hori? Bere begirada, hitz, ekintza, asmo, otoitz une eta bizimodu estiloari jarraituz. Gure egunerokotasunean arreta jartzen badiogu guzti honi, ziurrenik, gure bizitzarekin bere Berri Ona zabalduko dugu. Bera bezalakoa izaten gure xumetasunean.
Nola begiratzen dugu errealitatea? Nola begiratzen ditut nire ingurukoak? Nola hitz egiten diet? Nondik (zein emoziotatik)? Zer eta nola ikutzen edo laztantzen dut? Zein asmo sortzen zaizkit barrutik?
Jesus ere gu bezalako bat egin zen eta Berak ere eguneroko gauza guzti hauekin Jainkoaren erreinua nolakoa den azaldu zigun. Ausartzen al gara gu ere guzti hauen bitartez egunero Berri Ona zabaltzera?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Emaiguzu Jauna bizitzako une guzti-guztietan Berri onaren ispilu izateko “agindua” presente edukitzeko gaitasuna. Betaurrekoen kristaletan ohar bat idatziko bagenu bezala. Ez dezagula ahaztu. Gutxienez konturatu gaitezen askotan (gehienetan) amore ematen dugula, indarra eskatu behar dugula…