HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 24

Aldi hartan, Jesus berriz ere irakasten hasi zen itsasertzean. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, urean zegoen txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, lehorrean zegoen, itsasbazterrean. Gauza asko irakatsi zien parabola bidez hitz eginez. Honela ari zitzaien bere irakastaldian:

«Entzun! Behin batean, atera zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen lekuan, eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia eta ez zuen fruiturik eman. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta erne, hazi eta fruitua eman zuten: bateko hogeita hamar, hirurogei nahiz ehun». Eta ohar hau egin zien Jesusek: «Entzuteko belarririk duenak, entzun beza!».

Bakarrik gelditu zirenean, Hamabiekin batera berarekin zebiltzanek parabolen esanahiaz galdetu zioten Jesusi. Eta honek esan zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erreinuaren misterioa ezagutzea; kanpokoei, ordea, dena parabola bidez ematen zaie, Liburu Santuak dioena bete dadin: “Begiratzen dute, bai, baina ikusten ez; entzuten dute, baina ulertzen ez; horrela, ez dira Jaunagana bihurtzen eta ez zaie barkatzen”». Eta esan zien gainera: «Parabola hau ez duzuela ulertzen? Nolatan ulertuko dituzue, orduan, gainerako parabola guztiak?

 Ereileak hitza ereiten du. Hitza ereitean, batzuk «bide-bazterra» bezalakoak dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den hitza kendu egiten die. Beste batzuk «harri artea» bezalakoak dira: hitza entzutean, berehala pozik hartzen dute; baina sustrairik gabeak eta iraupen txikikoak izanik, hitza dela-eta estutasun nahiz erasoaldiren bat sortu orduko, huts egiten dute. Beste batzuk, berriz, «sasi artea» bezalakoak dira: entzuten dute hitza, baina mundu honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen zaizkie eta hitza ito egiten diete, fruiturik gabe utziz. Eta hona nor diren «lur ona» bezalakoak: hitza entzun, onartu eta fruitua ematen dutenak: bateko hogeita hamar nahiz hirurogei nahiz ehun».

Markos 4, 1-20.

Orain ere Jesus daukagu hemen hain adierazgarri den parabola batekin. Hala ere, nahiz eta Jesusek ahalegina egin bere mezua guri errazteko, nekeza egiten zaigu ulertzea. Parabolak ez dira beti argi geratzen denontzat, edo norberaren egoeraren arabera ere, argiago edo ilunago izan daitezke. Parabolak, hain zuzen ere, batzuetan izkutatu egiten zaizkigu, Hitzak oihartzun egiten du modu desberdinetan nahiz eta ezaguna izan guretzat. A zer misterioa!

Eta azken finean, paraboletara hurbiltzen garenean, Misteriora gerturatzen gara “ereilearen parabola” honetan bezala. Gu geu ere, Jainkoarengana hurbiltzen garenean Bera ere gertu dagoela sentitzen dugu, eta honen argitan, errazagoa da Hitza jasotzea “lur onean fruitu emateko”. Jainkoaren bizitza eta maitasuna gure bitartez dariola sentitzen dugunean, fruitu ugari sortzen da Jainkoaren nahia egiten delako.

Hurbil gaitezen, bada, gero eta gehiago Jesusengana, mundu honetakoa ez den erreinua iragartzen zuen pertsona harengana. Ebanjelio honen hasieran gertatzen den bezala, gu ere erakarriak senti gaitezen gure denbora eta gogoa eskaintzeko hain gauza miresgarri eta ekintza miragarri egiten zituen Jainkoaren Semearengana. Utz dezagun har gaitzan eta “lur ona” izateko presta gaitezen.

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude