HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 15
Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen ikasleek eta fariseuek barau-eguna zuten. Jesusengana joan eta esan zioten: «Nolatan egiten dute barau Joanen ikasleek eta fariseuek, eta zure ikasleek ez?».
Jesusek erantzun zien: «Ezteietara deituek egin ote dezakete barau, senar berria berekin dutelarik? Senar berria berekin duten bitartean, ez dezakete barau egin. Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau. Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki berriak jantzi zaharra behartu, eta zarratada handiagoa egiten da. Ez du inork ardo berririk sartzen ere zahagi zaharretan; ardoak zahagiak lehertu egingo lituzke eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardo berria zahagi berritan».
Markos 2, 18-22.
Jesusek Jainkoaren irudi eta errealitate desberdin bat dakarkigu. Berritasun honek gogo-eskema berriak, jarduteko modu berriak, forma eta egitura berriak eskatzen ditu, Jesusek iragartzen duen berritasunarekin bat datozenak. «Ardo berria zahagi berritan». Beldurrik gabe onartu behar dugu Kristoren berrikuntza eta bere ardo berriaz, gainezkako alaitasunera daramanaz, gu blaitzen utzi behar diogu. Honela aurkezten du Johann-Baptist Metzek Jesusen ardo berria edatea: “gizakiarentzako astinaldi bat bezala da, bere bizi norabidean sakonki sartzen da bere nahi eta beharrak eraldatuz. Esperientziak zuzenean guregana bideratutako interesak zauritzen eta zeharkatzen ditu, eta ohituta gauden bizimoduaren berrikuspena iradokitzen du.”
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments