Kristau fedearen muina eta mamia harreman batean oinarritutako bizipena da. Harreman horren iturburua Jesusekin topo egiteari eta Jesusi jarraitzeko erabakiari lotzen zaie.
Hori gabe ez da posible kristau fedea; beharbada, hori ez da nahikoa izango, baina nahikoa den ala ez beste batetarako utziko dugu.
Ebanjelioko testuetan, Jesusi jarraitzea pasarte askotan deskribatzen bada ere, pentsatu zitekeenaren kontra, Jesusi jarraitzeko arrazoiei eta moduei erreparatzean, aniztasuna eta askotarikotasuna deigarriak dira.
Hona hemen batzuk: jakin-mina (Andres eta bere laguna), eszeptizismoa (Natanael), jakinduria lortu nahia (Nikodemo), gizarteko bazterretara egotzi izana (Samariako emakumea), nolabaiteko egarri espirituala (gizon aberatsa), ideal etiko politikoa (Emauseko ikasleak), borondate hutsa –borondatekeria? – (Pedro), zerbitzatzeko nahia (Marta), liluramendua (Maria Betaniakoa), maitasunaren pasioa (Maria Magdalakoa) esker oneko kontzientzia (emakumeak, legenarduna…).
Horiek eta beste asko. Kristautasuna anitza da hasiera hasieratik; hortaz, jarraitzeko eredua ez da batere monolitikoa, zurruna eta itxia, baizik eta anitza, askotarikoa, malgua eta irekia.
Beharbada, Jesusi jarraitzeko modu horietako bakoitza gordailu bat da, zeinek, denboraz, lekuz eta kulturaz harago, kristau fedearen muina modu sinfonikoan seinalatzen duen.
0 Comments