HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 13

Aldi hartan, Jesus itsasaldera atera zen berriro. Jende guztia berarengana zihoan, eta irakasten hasi zitzaien. Bidez zihoala, Lebi Alfeorena ikusi zuen, zergak biltzeko mahaian eseria, eta esan zion: «Jarrai niri». Lebik zutitu eta jarraitu egin zion. Geroago, Jesus mahaian zegoen Lebiren etxean; bazen beste zergalari eta bekatari asko ere Jesusekin eta honen ikasleekin mahaian; izan ere, asko zihoazkion ondoren. Fariseuen arteko lege-maisu batzuek, bekatari eta zergalariekin jaten ari zela ikustean, esan zieten ikasleei: «Nolatan jaten du zergalari eta bekatariekin?». Hori aditzean, Jesusek esan zien: «Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik».

Markos 2, 13-17.

Testuan deskribatzen diren fariseuak eta lege-maisuak pertsona onak dira. Aita errukitsuaren parabolan (Lk 15, ), nola seme nagusia aitarenean jo eta ke lanean ari den, hala fariseuak eta lege-maisuak ere; oro har, salbazioaren bila ari diren pertsona erlijioso on guztiak bezala. Jesusek ez du gaitzesten jarrera erlijioso hori inolaz ere.

Seme nagusiaren lana egokia eta zuzena da, zalantzarik ez. Are gehiago, giza justiziaren arabera arrazoi osoa du seme nagusiak bere aitaren harrera errukitsuarekin haserretzen denean. Aitaren hautua injustua da, ez baititu merituak saritzen.

Fariseuek eta lege-maisuek arrazoia dute, baina beren arrazoian eta arrazionaltasunean intxaurraren oskolarekin geratzen dira. Zer pena, bizitza guztia oskola murtxikatzen iragatea, inoiz mamiari heldu gabe!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude