HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 12

Zenbait egunen ondoren, Jesus Kafarnaumen sartu zen berriro, eta etxean zegoelako berria zabaldu zen. Bildu zen jendetzarekin ez zegoen inon tokirik, ezta atarian ere. Eta mezua adierazten zien.

Hartan, elbarri bat ekarri zioten lau lagunen artean. Baina jendetzagatik ezin zuten eraman Jesusenganaino. Orduan, bera zegoen parean etxe-gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi zuten elbarria, etzanik zegoen ohatilan. Jesusek, haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari: «Seme, barkatuak dituzu bekatuak!».

Baziren han eserita lege-maisu batzuk, eta hau zioten beren baitan: «Zer ari duk hau horrela? Biraoka ari duk. Nork barka zitzakek bekatuak, Jainkoak berak izan ezik?». Baina Jesusek bere barruan haien gogoetei igarri eta esan zien: «Zergatik dituzue gogoeta horiek zeuen baitan? Zer da errazago, elbarriari “barkatuak dituzu bekatuak” esatea ala “jaiki, hartu ohatila eta zabiltza” esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena. Eta esan zion elbarriari: “Zuri diotsut: Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera”».

Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Denak harriturik gelditu ziren, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Ez dugu sekula horrelakorik ikusi».

 

Markos 2, 1-12.

Jesus ondo enfokatuta ote dago pasarte honetan?

Balentria nabaria da lau lagunena; elbarriarekin sekulako elkartasun eskuzabala erakusten dute. Elbarria osatzeko, mirestekoa da zer-nolako ahalegina egiten duten: jendetzaren oztopoa gainditu, teilatura igo (elbarri batekin!), teilatua zulatu eta elbarria eraitsi.

Gauzak horrela, espero genezakeen Jesusek balio horiek guztiak goraipatu izana eta gaixotasuna berehalaxe sendatu izana.

Ba, ez da hori. Jesusek sinesmena goraipatzen du eta, horrekin batera, gaixotasuna sendatu beharrean, gure kulturan erraz ulertzen ez den deiadarra: “Seme, barkatuak dituzu bekatuak!!!!”. Testuak iradokitzen du Jesusek horrekin amaitu duela bere zeregin guztia, ez duela ezer gehiago egiteko intentziorik. Mesedez!!!

Teologoek azalduko dute.

Niri, testu honen hausnarketak iradokitzen dit gaixotasun fisiko eta injustizia oroz gain, badagoela urradura sakon bat, gure borondate onez eta gure konpromiso guztiez osatzen ez dena. Jesusen sendagaia: doako barkamenaren grazia, hots, errukitasunaren dohaina. Grazia hori ez zaie lotzen gure ahaleginei, sinesmenari baino. Antza, sinesmenik eta graziarik gabe, jai: betiko zuloan, elbarria izan edo ez izan.

Bekatuei buruz mintzatzea, ordea, ez dago modan gure inguruan, antzinako kontu errepresiboa omen baita.

Ondo enfokatuta gaude?

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.