HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 6

Jesus Judeako Betleemen jaio zen Herodes erregearen garaian. Aldi hartan Mago batzuk etorri ziren sortaldetik Jerusalemera, galdezka: «Non da jaioberria den juduen erregea? Haren izarra ikusi dugu sortaldean, eta hura gurtzera gatoz». Berri honekin larritu zen Herodes erregea, eta Jerusalem osoa harekin batera. Orduan, apaizburuak eta lege-maisuak bildurik, Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien. Haiek erantzun zioten: «Judeako Betleemen, honela idatzi baitzuen profetak: “Eta zu, Judako Betleem, ez zara, ez, Judako hirietan txikiena; zugandik aterako baita buru zagia, nire herri Israelen errege izango dena”». Orduan Herodesek, Magoei isilka dei eginik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Ondoren, Betleemera bidali zituen, hau esanez: «Zoazte, eta jakin arduraz haurraren berri, eta, aurkitzean, esadazue, ni ere gurtzera joan nadin». Haiek, erregeari entzun ondoren, joan ziren.

Eta bat-batean, sortaldean ikusitako izarra aurretik jarri zitzaien, haurra zegoen lekuaren gainean gelditu arte. Izarra ikusi zutenean, berealdiko poza hartu zuten. Etxean sarturik, haurra ikusi zuten, Maria bere amarekin, eta, ahuspezturik, gurtu egin zuten. Ondoren, beren kutxak irekita, erregaliak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra. Gero, Herodesengana ez itzultzeko albistea ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren lurraldera.

Mateo 2, 1-12.

Magoak, jakintsu hauek munduaren ordezkaritzat-edo jo genitzake. Aurretik artzainek ikusi zuten Jesus eta hauek bertako gizarte-talde apalenaren ordezkaritzat jo ditzakegu. Oraingo honetan, munduko bazter ezberdinetatik Jesus propio ikustera etorritako mago hauen bitartez, aurrekari moduko bat dugu, zera aurreratzen diguna, Jesusen Berri Ona ez dela soil-soilik judutarrentzat eta Jainkoaren egitasmoan mundu osoaren salbamena dagoela.

Herodesen figura boterearekin lot genezake, gure gizarteko botere-eremuekin ere bai, baita norbanakoarekin ere, gure interes propioetatik harago pentsatzeko gauza ez garenean. Hein horretan, Herodesek, eta berak ordezka litzakeen guztiek, Jesus “hil” nahiko lukete, “hil” horrekin gauza asko ere adieraz daitekeelarik, hala nola, Jesus isilarazi, txikiagotu, etxekotu, gure nahikerietara makurtu… Jesusek, baina, badaki zein den bakoitzaren jarrera eta zein dagoen prest eta prestatua Bera hurbil dakion.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude