HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaUrtarrilak 5
Aldi hartan, Jesusek Galilea aldera joan nahi zuen. Felipe aurkitu zuen eta «Jarraitu niri» esan zion. Felipe Betsaidakoa zen, Andresen eta Pedroren herrikoa. Felipek Natanael aurkitu zuen eta zera esan zion: «Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zutena aurkitu dugu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa». Natanaelek «Nazaretetik atera ote daiteke ezer onik?» esan zion. Felipek erantzun: «Zatoz eta ikus». Jesusek Natanael beregana etortzen ikusi zuen eta hau esan zion: «Hona hemen egiazko israeldarra, faltsukeriarik gabea». Natanaelek esan zion: «Nondik ezagutzen nauzu?» Jesusek erantzun: «Felipek zuri dei egin baino lehen, pikupean ikusi zintudan». Natanaelek erantzun zion: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo erregea zara». Jesusek erantzun: «Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu!». Eta hau gaineratu zuen: «Egi-egiaz diotsuet: Zerua zabalik ikusiko duzue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean».
Joan 1, 43-51.
Honako pasarte honetan, aurrekoan aurreratutakoari segida emanez, ikus dezakegu kristautasunaren hasiera, orduko horretan hastapen-hastapenetan ez bada ere. Jesus aurreratu egiten zaigu, eta aurreratu egin zitzaion Feliperi, baina, bestetzuetan, eta gehienetan, zeharbidez egiten du, ez modu zuzen-zuzenekoan, Natanaeli gertatu zitzaion bezala, Feliperen bidez aurreratu zitzaion-eta.
Gero, Natanaelen jarrera,berak emandako lehendabiziko erantzuna, oso gizatiarra den jarrera dugu, mesfidantzazkoa: «Nazaretetik atera ote daiteke ezer onik?» Zenbatetan ez dugun horrelakorik ikusten gure inguruan, are batzuetan gure larruetan ere! Hemen, Feliperen jarreran, kristau baten testigantza lagungarria eta ezinbestekoa ikus dezakegu: «Zatoz eta ikus». Felipek ikusitakoa Natanaelekin partekatu nahi du. Gerora Jesusek Natanaeli, berarekin izandako elkarrizketan, agerian jarriko dio zein ezdeusa den bere fede falta, zeinen erraz eta arin pasatzen den sinesgabe izatetik sinestuna izatera.
Kristauok, eta kristau ez direnak ere, askotan oso sinetsita gaude geure buruaz, eta nahiz-eta gure aldetik jarri behar dugun, Jesusek gure alde egin dezakeenak gure uste eta konbentzimendu guztiak ezdeus utz ditzake.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments