HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 4

Aldi hartan, han zegoen Joan Bataiatzailea bere bi ikaslerekin. Jesus handik igarotzen ikusirik, «Horra Jainkoaren Bildotsa» esan zien Joanek. Bi ikasleek, hori entzunik, Jesusi jarraitu zioten. Itzuli zen Jesus eta, jarraitzen ziotela ikusirik, hau esan zien: «Zeren bila zabiltzate?» Haiek erantzun: «Rabbi –hau da, Maisu–, non bizi zara?» Jesusek erantzun: «Zatozte eta ikusiko duzue». Joan ziren, ikusi zuten non bizi zen, eta harekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak inguru zen. Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietako bat Andres zen, Simon Pedroren anaia. Andresek bere anaia Simonekin egin zuen topo lehenengo, eta «Mesias aurkitu dugu» esan zion (Mesias hitzak «Kristo» esan nahi du, hau da, «Gantzutua»). Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarriz, zera esan zion: «Simon zara zu, Joanen semea; aurrerantzean “Kefas” izango da zure izena» (Kefas izenak «Pedro» esan nahi du, hau da, «Harkaitza»).

Joan 1, 35-42.

Pasarte honetan Jesusen bizitza publikoa abian dago jada. Jesusen ikasleak izango direnak hasiak dira berarengana biltzen. Graziaren bi dimentsioak ikus ditzakegu elkartze, bat-egite honetan. Joanen bi ikasleak, nor zen Jesus entzunda, abian jarri ziren Jesusi jarraika. Graziaren bi dimentsioak ditugu  hemen: bateko, “entzun” egiten dute zein den Jesus, ekimena aurrenik Jainkoarena  da, Joanen bidez bada ere, eta, behin hori entzunda, besteko, ondoren, euren baiezko erantzuna berari jarraitu nahi izatean geratzen da islatua.

Behin hori gertatuta, gerora, Jesusek harrera ona egingo die bere “zatozte eta ikusiko” horren bitartez aditzera emanda. Horrez gain, Berri Ona zabaltzea jada hasia dela ikus dezakegu; izan ere, Andresek aitortzen dio bere anaia Simon Pedrori Mesias aurkitu dutela, eta Andresek erakarrita elkartzen da Jesusekin bere egitasmoan parte hartzeko.

Jesusek nor bere izenaz hartzen du, honako honetan, Simon Pedro, bere izen berria izango den Kefa izenaz. Horrela nahi gaitu Jesusek, Berarekin, Bera den Berri Onarekin bat eginez, gu, eta norbera, garen gisakoak izaten, gure izenaz, eta betiere bere egitasmoa eta bere jarraitzaileen taldea zabaltzeko egitekoan tinko inplikatuak.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude