HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaUrtarrilak 3
Hurrengo egunean, Joan Bataiatzaileak Jesus ikusi zuen berarengana etortzen eta honela esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona munduko bekatua kentzen duena. Honi buruz esan nuen nik: “Badator nire ondoren gizon bat, niri aurrea hartu didana, ni baino lehenagotik baitzen”. Nik ez nuen ezagutzen; baina ni urez bataiatzera etorri banaiz, Bera Israeli agerrarazteko izan da». Eta aitormen hau egin zuen Joanek: «Espiritua ikusi dut uso-irudian zerutik jaisten, eta haren gainean gelditzen. Nik ez nuen ezagutzen; baina urez bataiatzera bidali ninduenak esan zidan: “Espiritua jaisten eta gainean gelditzen zaiola ikusiko duzu, huraxe da Espiritu Santuaz bataiatzen duena”. Neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren Semea».
Joan 1, 29-34.
Aurreko eguneko pasartean Joan Bataiatzaileak jada aurreratua eta aitortua hemen betea ikusten dugu. Jesusen agerpen publikoaren hasiera dugu pasarte honetakoa. Betea da Joanek aurreratutakoa. Ildo horretatik, Jesus ikusita, Joanek, bere ustean sendo, Jesusengan Jainkoaren agintzaria aitortzen du; bere ondoren etorrita ere, betidanik zen Hori, ondoren etorrita, aurrea hartu diona. Joanen konbentzimendua sendotu, indartu baino ez du egiten Jainkoak, horixe eman nahi du aditzera hain justu usoaren gertakariak. Horren ondoren, Joanek, bere bideari eutsiz, jada gertatua den Semearen etorreraren testigantza ematen jarraituko du.
Aurreko artikuluko iruzkinean bezala, hemen ere Joanen figuran badugu kristauok geure burua zertan islaturik ikusi. Izan ere, adi eta erne ibili behar gara, Joan ibili zen bezala, bestela Jesusen presentzia agian ez zaigulako ageri-agerikoa izango. Horrez gain, Joanek Jesusena aldarrikatu zuen bezala, berarentzat bere topaketa isil gordean eduki beharrean, geu ere, gure aurkikuntzaren, gure sinesmenaren edukiaren berri ematera gara deituak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments