HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Urtarrilak 2

Hau da Joan Bataiatzaileak egin zuen aitormena, juduek Jerusalemdik apaizak eta lebitarrak bera nor zen galdetzera bidali zizkiotenean. Joanek argi eta garbi aitortu zuen: «Ni ez naiz Mesias». Haiek galdetu zioten: «Nor zara, bada? Elias al zara?» Joanek erantzun: «Ez». Haiek, orduan: «Etortzekoa den profeta al zara?» Eta hark: «Ez». Berriro galdetu zioten: «Nor zara, bada? Bidali gaituztenei erantzuna eman behar diegu. Zer diozu zeure buruaz?» Joanek orduan: «Ni, basamortuan oihuka ari denaren mintzoa naiz:“Zuzendu bidea Jaunarentzat”, Isaias profetak esan zuen beza-la». Bidalitako haietako batzuk fariseuak ziren, eta honela galdetu zioten: «Zergatik bataiatzen duzu, bada, ez bazara Mesias, ez Elias, ez etortzekoa den profeta?» Joanek erantzun zien: «Nik urez bataiatzen dut. Zeuen artean baduzue, ordea, ezagutzen ez duzuen bat, nire ondoren datorrena; eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere». Hau guztia Betanian gertatu zen, Jordan ibaiaz bestaldean, han ari baitzen Joan bataiatzen.

Joan 1, 19-28.

Pasarte honek Itun Zaharra eta Itun Berriaren loturazko kate-begia islatzen du. Galdezka, jakin min handiz, baina galduak baino galduagoak, zetozkion Joan Bataiatzaileari apaizak, lebitarrak, fariseuak… Hauek, oraindik Itun Zaharrean ainguraturik, Mesias etortzear zela ondo zekiten, eta mesias izan beharreko hori ez zela beren arteko beste edozein izango. Joanek ere uko egiten dio argi eta garbi berari buruz egin lezaketen aitortza horri; berak urez baino ez du bataiatzen. Joan dugu laster gertatzear den Jesusen etorreraren berri emango duena; ez edonola baina, argi, ezin argiago, utziko du Jesusek izan beharreko duintasun gorena, are bera ere ez dela duin izango bere lokarriak askatzeko.

Joanen testigantzan eta bere hitz eta erantzunetan ikus genezake geure burua kristauok. Izan ere, zer edo zer jakinda, baina tematuak beren aurre- konbentzimenduez, galdezka ari ziren horiekin bat egin dezakegu, eta beren mailan baino ez gelditu; edo, aldiz, Joanekin bat egin dezakegu, eta ikusi nor den Jesus, Berak dakarren guztiarekin, Bera berau den bidea aitortuz.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude