Urteko lehen eguna, Urteberri, eta seigarrena, Erregen, ilusio handiko egunak izan dira, batez ere, umeentzat, oparitxoak lortzeko egunak izan direlako oraintsurarte. Gaur egun aldatuz doa ohitura hori. Lehen, egun biotan agilandoak eskuratzen ziren baina hori lortzeko abestu egin behar izaten zen. Urteberrietan, “ Urtebarri, txarri belarri…” abestuz batez ere emakumezkoei eta Erregen egunean “ Apalazio zalduna…” gizonezkoei. Apalazio izena, latineko “apparitio”-tik dator, kasu honetan San Mateok ebanjelioan dioskunez, Ekialdeko Errege-Magoek Belenera, urre, intzentsu eta mirra opariekin egindako agerpena adierazteko. Beraz, zaharra dugu Apalazio izena eta kantatzeko ohitura. Ikastolak sortzen hasi zirenean, On Jose Miguel Barandiaranek jasotako Olentzeroren mito zaharra berreskuratu genuen eta Gabon gauera ekarri. Umeen poza handia izan da Gabonetako opariokin oporraldi guztian zehar jolasteko, eta zuertatu ezkero, Erregenetan ere berriro opariak. Erregen eta Olentzero dela-eta, batek baino gehiagok eztabaidatu izan du, Olentzero, euskal ohitura eta Erregen, kristau-kutsukoa dela adieraziz, baina lehen esan bezala, Apalazio hitz mailegu zaharra dugu eta adin bat dugunontzat Olentzeroren opariak hartzea berria. Ohiturak ohitura dira sinismenduna izan zein ez. Horregatik ba, zaindu ditzagun gure euskal ohitura zaharrak, kristau aurrekoak zein ostekoak. Hala biz!
0 Comments