HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaUrtarrilak 1
Aldi hartan, artzainak lasterka joan ziren Betleemera, eta han aurkitu zituzten Maria eta Jose, eta haurra askan etzana. Ikusi zutenean, jakinarazi zuten haur hartaz esan zitzaiena. Entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren artzainek esaten zutenarekin. Mariak, berriz, gogoan jasotzen zituen gauza hauek guztiak, bere bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, entzun eta ikusi zutenagatik; dena aingeruak esan bezala gertatu zitzaien. Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, «Jesus» ezarri zioten izena, sabelean sortu aurretik aingeruak esan bezala.
Lukas 2, 16-21.
Gizaki egindako Jainkoaren Semea apaletan apalenetariko bat egin zen. Betleemeko zalapartan, atergabeko joan-etorrietan eta jendetzarengan, erditzear zegoen Mariak eta bere senarra Josek ez zuten harrerarik izan, ezikusia egin zieten. Jaiotzatik beretik islatzen da hortaz Jainkoaren beheratze eta apaltzea. Hortik hara, apalenek izango dute aurrena Beraren berri. Gerora Jesusen bizitza publikoan gertatuko denaren aurrekaria baino ez dugu hasierako gertakari hau; behartsuekin, gaixoekin, bekatariekin…gizarte-bazterretako jendearekin hasiko da bere Berri Ona partekatzen. Hau guztiau Jainkoaren nahia zen eta aurre-ikusita bezala hasi zen dena gertatzen.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments