HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaAbenduak 30
Aldi hartan, bazen profetesa bat Ana zeritzana, Fanuelen alaba, Aserren jatorrikoa. Urteetan oso aurreratua zen; gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Gau eta egun tenpluan egoten zen, barau eta otoitz, Jainkoa zerbitzatzen. Ordu hartan han gertatu zen, eta Jainkoa goresten eta haurraz mintzatzen hasi zitzaien Jerusalemen askatasunaren zain zeuden guztiei. Jesusen gurasoak, dena Jaunaren legeak agintzen duen bezala bete ondoren, Galileara itzuli ziren, beren herri Nazaretera. Haurra hazten eta indartzen zihoan, jakinduriaz betetzen ari zen eta Jainkoaren grazia berekin zuen.
Lukas 2, 36-40.
Ana dugu atzo aipatzen genuen Jesusen esaldiaren adierazgarria: “Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena”. Anaren urte luzeek Israel herriaren urteetako itxaropena adierazten digute. Eta itxaropena, askatasun grina eta Jainkoari zuzendutako herriaren eskaria entzuna eta erantzuna izan dela aldarrikatuko die aurrean aurkitzen dituen guztiei. Jaunak bete du bere hitza. Jauna salbatzaile agertu da berriro.
Simeon eta Ana haur txiki batengan salbamena, herriaren askatasuna ikusteko, barrundatzeko, gai izan dira. Aurrerago Jesusek Jainkoaren Erregetza ia ikustezin den hazi txiki batekin konparatuko du.
Berriro gaur, Jauna, zuri argia eskatuz gatoz, txikian eta ezkutuan zure indar salbatzailea ikusteko gai egin gaitzazun. Bitartean, gu ere, zure Semea bezala, hazten eta indartzen joan gaitezela, eta zure jakinduriaz eta graziaz betetzen.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments