HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 24

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen. Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goigoikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango». Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi». Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik». Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.

Lukas 1, 26-38.

Jainkoa gizon egingo da, eta inperio baten mugako eskualde txiro bateko herri txiki batean egitea erabaki du. Amaierarik gabeko erregetza izango du, herri osoaren jaun izango da, eta Jainkoaren Seme deituko diote, baina ez da goitik hasiko. Familia txiro bateko kide izatea erabaki du, bihotz oneko emakume apal eta gazte baten seme. Hala jarduten du Jainkoak: gauza txikietan, inork espero ez duen lekuetan. Leun-leun mugitzen ditu bihotzak, ez tronpeta soinuz, eta dena jartzen du jokoan, Semea bidaltzeraino. Halakoa baita Jainkoa, samurra, baina zalantzarik gabe Bere proiektua aurrera darama. Gure bizitzan ere horrela dihardu: gure barrenak Hari irekiz gero, gure bihotzak gozotasunez mugitzen ditu, mantso baina irmotasunez, erabat bihotz-berri gaitezen.

Jokin Gonzalez de Chavarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (2 oihartzun daude)
L

2 Comments

  1. Avatar

    Eskerrik asko! Gabon gau zoriontsua! Eguberri on!

  2. Avatar

    Bihotz- eta burubideak zabalik harrapa gaitzala Jainkoak, Bere ekintzari esker bihozberri gaitezen.

    Gabon gau zoriontsua, Eguberri on!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude