HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 23

Haurra izateko denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia agertu zion Jaunak, eta zorionak ematen zizkioten. Jaio eta zortzigarren egunera, haurra erdaintzera eraman zuten, eta aitaren izena jarri nahi zioten, Zakarias. Amak, ordea, esan zuen: «Ez! Joan izango du izena». Esan zioten: «Ez duzue senitartean inor izen hori duenik». Orduan, aitari keinuka galdetu zioten zein izen eman nahi zion haurrari. Eta hark oholtxo bat eskatu eta idatzi zuen: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta hitz egiten hasi zen eta Jainkoa goresten. Beldurrak hartu zituen auzoko guztiak, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau?». Zeren Jainkoaren eskua harekin baitzegoen.

Lukas 1, 57-66.

Jainkoarengandik onurak espero ditugu, ez gure ohitura eta egiteko moduak aldatzeko eskaerak. Denek pozez jaso zuten Elisabeten haurdunaldi eta erditzea, eta Jainkoaren errukia goratu zuten, baina, Jaunak agindutakoa betetzeko orduan, zalantzak sortu ziren, eta jendea beldurtzen edo deseroso sentitzen hasi zen. Nola jarriko diote usadioen aurka doan izen bat jaioberriari? Askotan hala jarduten dugu guk: Jainkoak guk nahi duguna ematea espero dugu, baina Hark zerbait eskatzen badigu, ihes egiten hasten gara. Batzuetan aitzakiak bilatzen ditugu geure burua justifikatzeko, edo beste batzuetan gaia ahazten saiatzen gara. Jaunak gure ahultasunean maite gaitu, baina oso ondo daki zenbat on egin dezakegun, eta zentzu horretan bere itxaropenak ditu. Guk ere nolabait erantzun beharko diogu ematen digun on guztiari…

Jokin Gonzalez de Chavarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude