HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 22
Aldi hartan, Mariak esan zuen: «Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat neure barrua, Jainkoa baita nire salbamena, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. Horregatik, dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek, handiak egin baitizkit Ahalguztidunak; santua da haren izena, eta haren errukia gizaldiz gizaldi begirune diotenengana. Bere besoaren indarra erabili du, buru-harroak suntsitu ditu; bota ditu beren aulkietatik ahaltsuak, eta gora jaso ditu ezerezak; ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali aberatsak. Lagun etorri zaio bere morroi Israeli, bere errukiaz oroiturik; hala zien gure gurasoei hitzemana, Abrahami eta ondorengoei betiko esana». Mariak hiru hilabete inguru egin zuen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.
Lukas 1, 46-56.
Otoiz edo kantu hau Itun Berrian aurki ditzakegunetatik ederrenetakoa da. Jainkoaren ezaugarri nagusiak agertzen dizkigu: errukitsua da, ahulenen babeslea, justua, ahalguztiduna eta agindutakoa beti betetzen du. Jainkoa ez dago zeruetako tronu batean guri begira, munduan esku hartu gabe. Gurekin dago, eta gutaz kezkatzen da. Egia da, batzuetan urrun sentitzen dugu, gurekin ez balego bezala, baina sentsazio hutsa da. Askotan munduan boteretsuak gailentzen direla dirudi, baina Jainkoa zapalduekin dago, sufritzen ari direnekin, justiziaren beharra dutenekin. Ez du inor ahazten, beti gurekin egongo zela agindu zigun, eta Bere hitza ez du bete gabe utziko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments