Gabonak jada berriz ere ate-joka. Elkarren artean igarotako une hunkigarri batzuez aparte, zin-zinez zer ari garen ospatzen ere jada ez dakien gero eta jende gehiago dago. Kristauok, horraino ailegatu gabe ere, zabaldutako giro honetatik ezin erabat aske gelditu. Izan ere, sarritan zail samar egiten zaigu gertakari honek eskatzen digun sakontasunean murgildu ahal izatea. Jainkoa ezin jarrera xumeagoz guretako bat bilakatu eta gure artean, gure ondoan, jarri zaigu. Hori ez bada albiste ona, Jesus jada albiste ona ez bada, ospatutako dena delako hori Eguberria ez, beste ezer izango da, izatekotan, baina Eguberria ez da izango.
Salbatzailea jaio zaigu, egunero jaio egin dakiguke, bere deiari zabaltzen badiogu geure bihotza. Eta gertakari hori da hain justu denon artean ospatu nahi duguna, horretan gure fedea jartzen dugunon artean ospatu nahi duguna, eta, bide batez, mundu osoari ere eskaini nahi dioguna. Izan ere, Haur honengan gure itxaropena jarriaz, Berak zabaldutako bideari lotu nahian, zera baino ez dugu aitortu nahi: ezagutzen dugun mundu hau ez da behin betiko egia; Jesus dugu gaur dena kutsatzen duen bidegabekeriari betiko gailenduko zaiona. Honetan sinisten dugu eta hori ospatu beharko genuke, pozaren pozez ospatu ere. Horrela, askotan familia eta lagunartean bizitako festa, gozatzeko une hauek, askoz gehiago ere izango dira; familia-festa hau, zentzu eta esanahi ezin sakonago honen ukituaren eraginez, bestelakotua geratuko dira, bere betera eramanak eta munduarekin partekatuak.
Belenen jaiotako haurtxo hori, ukuilu bateko aska ezin ziztrinago batean jaio behar izan zuen haurtxo hori, ez zen izan orduko judutarrek espero zuten errege ahaltsu eta botere handiko hura.
Gaurkoan ere, arrisku antzeko baten aurrean gaude. Eskura dugu, hurbileko, garai hartako jende xumeak izan zuen modu berean, baina agian dagerkigun Jainko hori ez da guk esperoko genukeen hori. Azken finean, zera baino ez digute ekartzen gogora Eguberriek, Jainkoaren etorrerak eta presentziak ez diola beti guk espero dugunari erantzuten. Gizaki egin zitzaigun Jainkoak, gizaki xumeetan xumeenak, behetik hasita baino ezin baitu mundu osoa elkartasunez besarkatu. Eta hor dugu gaur egun ere Jainkoa. Abia gaitezen hortaz Belenera, eta izpirituzko jaiotzaren biderako argi egingo digun Izarra ager dakigula!
Tamalez, beste izar batzuei jarraitzen diegu. Eskerrik asko Igor, gogoeta eder horrekin Eguberrian zer ospatzen dugun gogoraarazteagatik.
Bikaina eta zinez bihotz-altxagarria.
“behetik hasita baino ezin baitu mundu osoa elkartasunez besarkatu”. ESKERRIK ASKO!