HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 20

Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret deritzan Galileako herri batera, birjina batengana; Daviden etxeko Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen birjina, eta Maria zuen izena. Aingeruak, haren etxean sarturik, esan zion; «Poztu zaitez, graziaz bete hori: Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria, hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak, orduan: «Ez izan beldurrik, Maria; Jainkoaren ederra aurkitu duzu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu; eta “Jesus” ezarriko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak haren aita Daviden errege aulkia emango dio; Jakoben etxean errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango». Mariak orduan aingeruari: «Nola izan daiteke hori? Nik ez baitut ezagutzen gizonik». Eta aingeruak: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana, eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko den Santuari, Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, zure ahaide Elisabet ere, bere zaharrean, haurdun dago; eta agorra omen zena seigarren hilabeteko dago; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik». Mariak orduan: «Hona hemen ni, Jaunaren mirabea; gerta bekit, zuk diozun bezala». Orduan aingeruak utzi egin zuen.

Lukas 1, 26-38.

Maria Jainkoaren borondatearen aurrean eman beharko genukeen erantzunaren eredu ageri zaigu. Aingeru bat etxean sartu zaio eta bizitza hankaz gora jarriko diola esan dio: Jainkoaren Semearen ama izango da. Horrek izugarrizko arazoak sor diezazkioke, baina, hala ere, haren erantzuna Zakariasenaren oso bestelakoa da. Nola izango den galdetu dio aingeruari, eta azalpena jaso bezain laster, adostasun osoa adierazi dio. Ez ditu eskakizun edo proposamenaren aurretik beraren interes eta desirak jarri, Jainkoaren nahia bere horretan onartu du. Bere bizitzaren erdigunea Jainkoa dela argi dakusa, bere burua haren mirabe ikusten baitu. Loiolako San Inaziok erakusten digun bezala, gizaki ororen helmuga hori da: «Gizakia Jainko Gure Jauna goresteko, gurtzeko eta zerbitzatzeko sortua da, eta haren bidez, arima salbatzeko».

Jokin Gonzalez de Chavarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude