HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 19
Judeako errege Herodesen egunetan, bazen Zakarias izeneko apaiz bat, Abiaren apaiz-sailekoa; haren emaztea Aaronen ondorengoa zen eta Elisabet zuen izena. Biak zintzoak ziren Jainkoaren aurrean, eta Jaunaren agindu eta lege guztiak huts egin gabe betez bizi ziren. Ez zuten haurrik, agorra baitzen Elisabet eta biak urteetan aurreratuak. Behin batean, Zakarias bere sailekoekin Jainkoaren aurrean apaizzerbitzua egiten ari zelarik, Jaunaren santutegian sartzea egokitu zitzaion, apaizen ohituren arabera, intsentsua eskaintzera. Intsentsua eskaintzen ari zen bitartean, herri osoa otoitzean ari zen atarian. Hartan, Jaunaren aingerua agertu zitzaion Zakariasi, intsentsu-aldarearen eskuinaldean zutik. Hura ikustean, izutu zen Zakarias eta beldurrak hartu zuen. Aingeruak, ordea, esan zion: «Ez beldur izan, Zakarias, entzun baitu Jainkoak zure eskaria. Zure emazte Elisabetek semea emango dizu, eta zuk “Joan” ipiniko diozu izena. Poz handia izango da zuretzat, eta haren jaiotzak jende asko poztuko du, handia izango baita Jaunaren aurrean. Ez du edango ardorik, ez edari bixigarririk. Espiritu Santuaz beteko da amaren sabelean bertan. Israeldar asko bihurtuko du Jaunagana, bere Jainkoagana; Jaunaren aurretik etorriko da, Eliasen espirituaz eta indarrez, gurasoak seme-alabekin adiskidetzeko, bihurriei zintzoen sena emateko eta Jaunarentzat herri egokia prestatzeko». Zakariasek esan zion aingeruari: «Nola jakin dezaket hori gertatuko dela? Ni zaharra bainaiz, eta nire emaztea ere urteetan aurreratua». Aingeruak erantzun zion: «Ni Gabriel naiz, Jainkoaren aurrean zerbitzari nagoena; hark bidali nau zuri hitz egitera, berri on hau emateko. Baina begira, mutu geldituko zara, hitz egin ezinik, hauek gertatu artean, ez baitituzu sinetsi nire hitzak, bere garaian beteko diren hitzak». Bitartean, herria Zakariasen zain zegoen, harriturik, santutegian hainbeste luzatzen zuelako. Atera zenean, ezin zien hitz egin, eta ohartu ziren ikuskariren bat izan zuela santutegian. Bera keinuka ari zitzaien, mutu jarraitzen baitzuen. Tenpluko bere zerbitzu-egunak bukatuta, etxera joan zen. Egun batzuen buruan, haren emazte Elisabet haurdun gelditu zen; bost hilabetez etxetik atera gabe egon zen, eta bere baitarako zioen: «Hara zer egin duen Jaunak nire alde, jendearen aurrean nuen lotsa kendu nahi izan duenean».
Lukas 1, 5-25.

Zakarias ez da aingeruaren hitzez fidatzen, seinale gehiago nahi ditu. Pentsa dezagun ondo: beste inork sartu ezin duen leku batean Jainkoaren aingeru bat agertu zaio, eta ez zaio fidatzeko nahikoa iruditu. Jainkoari azalpenak eta probak eskatzen dizkio («Nola jakin dezaket hori gertatuko dela?»), oso gizatiarra den segurtasun nahiak bultzatuta. Zenbatetan gertatuko ote zaigu hau gure bizitzan zehar? Batzuetan Jainkoak erabaki bat hartzera deitzen gaituela senti dezakegu, baina erabateko ziurtasuna ez dugulako ez dugu ezer egiten. Hala, Zakariasi bezala gertatzen zaigu, mutu geratzen gara, ez gara Berri Ona hots egiteko gai. Guk Jainkoaren hitza benetan sinetsi gabe (hau da, ez bakarrik hitzez eta pentsaeraz), nola helaraziko diegu besteei? Fedeak, Jainkoarengan konfiantza izateak ziurgabetasun puntua dakar beti, eta bake osoz Haren eskuetan jartzea eskatzen du.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Oso iruzkin argigarria. Eskerrik asko!