HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 18
Jesu Kristoren sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen eta, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, hura isilean uztea erabaki zuen. Baina asmo hori gogoan zerabilela, Jaunaren aingerua azaldu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez beldur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du, eta zuk “Jesus” ipiniko diozu izena, hark salbatuko baitu bere herria bekatuetatik». Hau guztia Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zen: «Begira, birjinak sabelean sortu eta semea izango du, eta Emanuel ipiniko diote izena (izen honek “Jainkoa gurekin” esan nahi du)». Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen, eta bere etxean hartu zuen emaztea.
Mateo 1, 18-24.
Ebanjelioetan Jose oso gutxi aipatzen da, eta bera aipatua den uneen artean garrantzi gehien ematen zaion pasartea honako hau da. Hala ere, haren handitasun guztia erakusteko aski zaigu. Jose eroapenaren adibide da, Jainkoarengatik bakoitzaren borondateari uko egitearen adibide. Hasieran, Mariarekin ezkondu eta bere familia sortu nahi zuen. Jainkoak eragindako haurdunaldiak dena aldatu zuen, eta beste norabait joan behar eta nahi zuen, Mariari ezer gerta ez zekion, baina Jainkoaren aingerua agertzeak berriro ere planak aldarazi zizkion. Jainkoak Mariarekin geratzeko eskatu zion, eta semetzat hartu behar zuenaren izena aukeratzen ere ez zion utzi. Josek desira bakar bat soilik bete ahal izan zuen: Jaunaren borondatea betetzea. Hasierako proiektuak alde batera utzirik, Maria eta Jesusen zaintzari ekin zion, berarentzat inolako protagonismorik hartu gabe, erdigunea beti Jainkoari utziz. Zenbat Jose ote ditugu gure inguruan, isil-isilik lanean besteen alde, Jainkoaren bidea jarraitzeko beste kontuak alde batera utziz!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments