HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 15

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeinen antzekoa dela esango nuke gizaldi hau? Plazan eserita dauden haurren antzekoa da; honela oihu egiten baitiete batzuek besteei: “Soinua jo dizuegu, eta zuek dantzarik ez; hiletak jo, eta zuek aienerik ez”. Izan ere, etorri da Joan Bataiatzailea, ez jan ez edan egiten ez duela, eta deabruak harturik dagoela diote. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta honela diote: “A zer tripazaina eta mozkorra, zergalari eta bekatarien adiskidea”. Baina egiteek Jainkoaren jakinduriari eman diote arrazoia».

Mateo 11, 16-19.

Atzoko ebanjelioaren segida Mateorenean. Ustezko errealitatea, egin beharrekoa, ondo legokeena…, batzuetan geure irudira,  beste batzuetan geure gogara eta bestetan gure mundutxoaren arrazoimen-markora moldatzeko joera izaten dugu, noiz zer komeni zaigun. Eta saiatzen gara gure burua horren inguruan konbentzitzen, limurtzen; kontua zera da, une bakoitzean dagokiona zer den sakonean askotan jakin arren, ez egiteko aitzakia bilatzea eta topatzea; nire eroskokeriatik aterako nindukeen deiari leihoa ixtea, nire barne-kontzientziari muzin, nire  ipuintxo justifikatzailea eraikiz eta irentsiz, nire erabaki eta jokabidea zurituz: artista naiz mila arrazoi txit arrazoizko topatzen, nire baitan itxita, kuzkur jarraitzeko, Jainkoaren jakinduriaz, naturaz, senideez axolagabeturik, harri bihurturik.  Hybris.

Ez Joan nire erara moldatutako arrazoi hauengatik, ezta Jesu nire erara moldatutako kontrakoengatik…  Eta nire egiteak?        

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude