Iain Mathew-k, orain jada urte batzuk, Impacto de Dios: claves para la lectura de San Juan de la Cruz bere obran, egungo eguneko gizakiaren egoera existentzialaren azterketa interesgarri bat egin zuen. Bere ikusian, egungo gizakia zentzu faltako gau ilun batean dago bete-betean murgildurik. Eguneroko faktizitateak eramana, hara eta hona, eta bere ziztuzko abiadurak entzun-gor bihurtuta. Bizi duen eta bera den errealitatearen sakona antzemateko jada guztiz ezindua, lagun hurkoekiko harreman ezin azalekoagoak dituelarik, eta eginkizunetik eginkizunera, kontsumo-esperientziatik kontsumo esperientziara ahaleginak eta bi ditu egiten bere barne hustasuna arindu nahian-edo. Aipatutako egungo gizaki-klase hau “bizitza-turistatzat” jotzen du Matthew-k. Gaur egun, aldez-alde, den-denok bizi gaitu pertsona molde honek.
Gustuko ditudan eta ez ditudan (gustu, gurari, sentsazio berriak…) horien arabera bizitzeak, geure bizitza horren jira-bueltan bestetan errotua ez egoteak, turista bilakatzen gaitu, bizitza-turista, eta turismo horretara geure burua guztiz lerratuta, gero eta gauza gehiago probatuz eta eginez, gero eta egoera berri gehiago esperimentatuz aurki uste diogu irtenbide geure bizitzari. Azaletiko esperientzian besterik ez gara bizi, gero eta gehiago esperimentatuz, baina halaber gero eta sakontasun gutxiagoz.
Kontuak horrela ere, nor edo nor, bere barren-hustasun hori betetze aldera, beste esperientzia berri batekin konpontzeari (estaltzeari), edo beste harreman edo proiektu bati ekiteari uko egitera ausartuko balitz, behingoz, eta agian estreinako aldiz, ausartuko balitz, eta horren guztiorren ordez, oraintxe puntuan soilik duen horrekin, esku artean duen horrekin besterekin baino konformatuko balitz, eta bizitzaren sakonari kontu egin nahi izango balio, hala egingo balu, orduantxe bere bizitzak jauzi kualitatibo bat egingo luke. Honek guztionek gauzekiko eta gizarte-lorpenekiko desatxikitzeari dago hertsiki lotuta. Izan ere, benetako askatasuna ez da kanporakoa, barrurakoa baizik. Eta zinezko askatasuna den horrek, Gurutzeko San Joanekin esanda, bi mehatxu nagusi ditu; “loreak hartzea” eta “piztien beldur izatea” (ni cogeré las flores/ ni temeré las fieras). Aurrenekoak desirekin, gurariekin du lotura; bigarrenekoak gure giza beldurrekin. Eta biek ala biek, modu batez edo bestez, atxikiz egote-bizitze horrekin dute zerikusirik. Desiratik desirara arrapaladan bizi izanda, eta den-dena, dugun hori guztia, galduko ote dugun izuz, murgiltzenago gara desiren asebetetze gurpil zoroa ezin bukatuzkoan. Bizitza-turista hutsak bezala bizitzera gonbidapena luzatzen digun behin eta berriz tokatu zaigun historia-uneak, bizitzaren azaletik bizitzera, berorren sakonari guztiz entzungor, Matthew-rekin esanda, “gomazko kaioletan turistak antzo”, zeharo anestesiatuak, itxurazko konfort batean guztiz anfetaminizatuak.
0 Comments