HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 11
Aldi hartan, Jesus irakasten ari zen. Han zeuden eseriak Galileako eta Judeako auzo guztietatik eta Jerusalemdik etorritako fariseu eta lege-maisu batzuk. Eta Jaunaren indarrak gaixoak sendatzera eragiten zion. Hartan, etorri ziren gizon batzuk elbarri bat ohatilan zekartela eta barrura sartu nahi zuten, Jesusen aurrean ipintzeko. Baina jendetzagatik ez baitzuten aurkitzen nondik sartu, etxe gainera igo eta, teilak kendurik, ohatila eta guzti eraitsi zuten erdira, Jesusen aurrera. Haien sinesmena ikusirik, Jesusek esan zuen: «Gizona, barkatuak dituzu bekatuak!». Lege-maisu eta fariseuek zioten beren baitan: «Nor dugu biraoka ari den hau? Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak baizik?». Baina Jesusek, haien burutapenei antzemanik, esan zien: «Zer burutapen darabilzue zeuen baitan? Zer da errazago esaten: “Barkatuak dituzu bekatuak” ala “Jaiki eta zabiltza?”. Hara, bada, orain ikusiko duzue Gizonaren Semeak baduela lurrean bekatuak barkatzeko ahalmena. Eta esan zion elbarriari: “Zuri diotsut: Jaiki zaitez, hartu ohatila eta zoaz etxera”». Jaiki zen hura berehala denen aurrean, hartu zuen etzanik zegoen ohatila eta etxera joan zen, Jainkoa goretsiz. Guztiak harriturik gelditu ziren eta Jainkoa goresten zuten. Eta, beldurrez beterik, honela zioten: «Harritzekoak ikusi ditugu gaur».
Lukas 5, 17-26.
Jainkoaren beraren kontrolatzaileak, administratzaileak, Espirituari, senda- eta salbazio-espirituari ere mugak jarri nahi dizkiotenak, ongizatearen eta onginahiaren askatasunari girgiluak ipini nahi dizkiotenak, aske isur, ibil ez dadin; zorrotz graziaren kontulari, ezin konta ahala ugari, erredentzioaren mesfidati beti: zer meritu, ekintza egin ote du bada horrek gaitza damaion bekatua barkatua izateko? Garbi geditzeko? Ber-gizarteratzeko? Komunitatetan berriz onartua izateko? Beude kateak! diote graziaren beldurrez Jesuren aurrean. Jesu: Abbak maite gaitu, salbatu, doan, gain-ordainez zamatu gabe, arindu gu ekintza onerako Bera goretsiz. Abendualdia.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Ederra benetan, Abendualdirako bidaide bikain.