HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 10

Mesias eta Jainkoaren Seme den Jesusen Berri Onaren hasiera. Isaias profetaren liburuan honela dago idatzia: «Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik, zuri bidea prestatzera. Mintzo bat oihuka ari da basamortuan: “Prestatu bidea Jaunari, zuzendu bidexkak hari”». Hala agertu zen Joan basamortuan, bataiatzen eta bihotz-berritzeko bataioa hots egiten, bekatuen barkamenerako. Judea osotik eta Jerusalemdik harengana joaten zen jende guztia, eta, beren bekatuak aitorturik, Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian. Joan gamelu-larruz jantzia zebilen, eta gerrian larruzko uhala; matxinsaltoak eta basa eztia zituen janari. Eta honela hots egiten zuen: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuagoa dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».

Markos 1, 1-8.

Isaias profetaren bitartez Markos ebanjelariak Joan Bataiatzailearen aurkezpena egiten du: “neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik, zure bidea prestatzera”. Mezularia, bai, Jesusen Berri Onaren mezularia. Jainkoak beti bidali izan ditu bera ezagutaraztera eramango gaituzten profetak, apaizak, mezulariak… Ez gaitu sortu ondoren desagertzeko; gurekin egin nahi du bidea, ez urrutitik begiratuz zertan gabiltzan. Gure ondora inguratu, gonbidapena luzatu, maitasuna eskaini, ondoren, gure erantzunaren zain geratzeko.

Joanek Jesusen aurkezpena egiten digu, “nire ondoren dator ni baino ahaltsuagoa dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere”. Basamortuan ibili zen bihotz-berritzeko bataioa hots egiten, bekatuen barkamenerako.

Abendualdi honetan, gure bihotzak Jesusi harrera egiteko prestatzen ari garen honetan, joan gaitezen gu ere basamortura Joanen bila, entzun ditzagun bere hitzak, eta guk ere presta ditzagun gure bihotzak barkamenerako. Bai, gu ere bekatariak gara, baina bizitza ez da pekatuetan amaitzen; presta ditzagun gure etxeko ateak Maitasuna den Jainkoari gure bizitzako ateak irekitzeko, Jainkoaren gonbidapenari erantzuteko.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Mezara joan aurretik Hitza irakurtzeko (edo handik bueltan berrirakurtzeko) aukera paregabea. Edonori gomendatzen diot. Eskerrik asko!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude