HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 9

Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo zebilen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Jendetza ikustean, erruki izan zuen, nekatua eta lur joa baitzegoen jende hura, artzainik gabeko ardiak bezala. Orduan, ikasleei esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara». Eta hamabi ikasleei dei egin eta ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko. Hamabi horiek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez: «Zoazte galduak dabiltzan Israel herriko ardietara. Eta bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu lepradunak, bota deabruak; hutsean hartu duzue, eman hutsean».

Lukas 9, 35-10,1.6.8.

“Berri Ona hots egitera” bidali zituen ikasleak. Egia esan, ez dakit kristauok Berri Ona dela sinesten dugun ala ez. Berri onak beti dakar horrelako alaitasuna, barnetik sortzen dena; berak sendatu, piztu eta garbitu egiten gaitu. Baina gure aurpegietan ez da horrelakorik somatzen; alaitasuna baino seriotasuna daramagu jarraitzaileek, eguneroko arazoak barneko alaitasuna desagerrarazten duen bitartean.

Jabetu gaitezen jasotzen dugun hori Berri Ona dela, gure eguneroko bizitzari Bizi berria ematen dion Berri Ona. Orduan sentituko dugu gure misioa alaitasun hori zabaltzea dela, besteentzat Berri On emaile bihurtuz.

Ez ahaztu, “uzta ugaria da, baina langileak gutxi”; langileak ez dira “besteak” bakarrik… eta ni? Ez ote naiz ni ere langilea? Berri Ona jaso duen langile horietako bat? Etxean, familian, inguruan… Jaunak eman diezagula barneko Alaitasuna eta indarra gu ere, gure inguruetan, misiolari izateko.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude