HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 8
Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen. Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion: «Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goigoikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango». Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi». Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik». Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.
Lukas 1, 26-38.
Maria etxean dugu, bere bizitzako proiektua gauzatzera doa. Joserekin ezkondu eta familia izan; bere gizartean egin ohi den bezala, bere judutar sinesmenak agindu bezala. Jose horretan dago baita ere, han eta hemen lantxoak eginez eguneroko ogia irabazi nahian.
Baina Jainkoak beste proiektu batzuk ditu, eta hankaz gora uzten ditu beraien proiektuak (horrela dirudi hasiera batean behintzat).
Jauna gurera dator, gurekin bat egin nahi du, eta Maria aukeratu du. Ez ustean harrapatu du Maria; ikaratu egiten da, nola gerta daiteken hori galdetzen du, eta azkenik, Jainkoarengan bere konfiantza osoa jarriz erantzuten du: “Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala”.
Maria eta Joseren proiektua ez da asko aldatzen (kanpotik ikusita behintzat); ezkondu egiten dira, familia izaten dute, Josek bere lantxoekin jarraitzen du; bada zerbait ordea, desberdina, bizitza guztiz aldatzen duena: Jainkoa presente egiten da bere bizitzetan…
Maria dugu fededun guztiek ama eta eredu, eta berari gertatu zitzaion bezala, guri dagokigu hausnartu eta erantzutea: gure bizitzetan? presente egiten al da Jainkoa? Mariak egin bezala, egin diezaiogun Jainkoari lekua gure bihotzetan, eta sentitu dezagula guk ere, Jainkoaren mirabe garela.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments