HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 7
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez da aski niri “Jauna, Jauna” esatea zeruetako erreinuan sartzeko; hau da beharrezkoa: zeruan dagoen nire Aitaren nahia egitea. Beraz, nire hitz hauek entzuten eta betetzen dituena bere etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zentzudunaren antzekoa da. Egin zuen euria, etorri ziren uholdeak, jo zuen haizeak eta eraso zioten etxe hari; baina ez zen erori, harkaitz gainean oinarritua baitzegoen. Nire hitz hauek entzun, bai, baina betetzen ez dituena, bere etxea hondar gainean eraiki zuen gizon burugabearen antzekoa da. Egin zuen euria, etorri ziren uholdeak, jo zuen haizeak eta eraso zioten etxe hari; eta erori egin zen eta erabat hondatua gelditu».
Mateo 7, 21.24-27.

“Ez da nahikoa…” Irakasle bezala askotan gogoratu izan diet nire ikasleei gainditzea besterik nahi duenak amaieran arazoak izaten dituela. Gainditzera doa, ez ezin dezakeelako hobeto egin, bai ordea nahikoa iruditzen zaiolako.
Zenbat aldiz, guk ere bizitzako beste arloetan nahikoa dela pentsatu eta aurrerago ez dugu egin. Agian norbaitek gogoratu izan digu gehiago egin behar genuela, baina ez diogu kasurik egin.
Jesusen jarraitzaile bezala, geure buruari galdetu beharko genioke zer den nahikoa egitea, horretan geratzen garen edo aurrerago egiten dugun jakiteko. Gaurko pasarteak argi uzten du ez dela nahiko Jauna hitzez aipatzea edo goratzea; hitzak ez badu bizitzen dena adierazten, ez da nahikoa, ez du balio. Hitza haragi egin zen, Jainko Aitaren nahia betez; gure hitza haragi egiten al da gure ingurukoentzat? Bizitzen duguna bat al dator Jaunaren jarraitzaile izatearekin?
Horra hor gaurko ebanjelio-pasartearen gonbitea: Jaunarekin bat egiteko gonbitea hitz eta egitez. Jaso dezagun bere gonbidapena, eta saiatu gaitezen gure etxea harkaitz gainean oinarritzen, Jainkoa lagun.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Gure hitza haragi egiten al da gure ingurukoentzat?