HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abenduak 6

Aldi hartan, Galileako itsasbazterrera joan zen Jesus; mendira igo eta han eseri zen. Jende asko hurbildu zitzaion, herren, itsu, besamotz, mutu eta bestelako gaixo asko eramanez; oinetan jartzen zizkioten, eta hark sendatu egiten zituen. Jendea harritua gelditu zen ikusten zuenaz: mutuak hizketan, besamotzak sendatuak, herrenak ibiltzen eta itsuak ikusten. Eta Israelen Jainkoa goresten hasi ziren. Jesusek ikasleei dei egin eta esan zien: «Erruki dut jende hau; badarama hiru egun nirekin eta ez du jatekorik. Ez ditut baraurik bidali nahi, bidean akitu ez daitezen». Ikasleek esan zioten: «Nondik atera guk basamortu honetan horrenbeste jende asetzeko lain ogi?». Jesusek esan zien: «Zenbat ogi duzue?». Haiek erantzun: «Zazpi, eta arraintxo bakar batzuk». Lurrean esertzeko agindu zion jendeari; gero, hartu zituen zazpi ogiak eta arrainak eta, esker-otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari. Denek jan zuten ase arte, eta gelditutako hondarrekin zazpi saski bete bildu zituzten.

Mateo 15, 29-37.

“Jende asko hurbildu zitzaion”… bere beharra zuen jende askok. Eta guk? Ba al dugu Jainkoaren beharrik? Hurbiltzen al gara? Beharra dugunean bakarrik hurbiltzen gara? Galdera asko sortzen bazaizkit ere, erantzutea zaila gertatzen zait.

Nik uste behar baino gutxiago hurbiltzen naizela; izan ere denbora joan egiten zait hamaika istorio, arazo, kontutan sarturik nagoela, Jainkoarekin egoteko astirik ez dut hartzen. Isiltasunean, otoitzean, bere presentziaz jabetuz nire kezka edo arazoak azaltzeko, baita ere eskerrak eman eta pasarteak dioen bezala Jainkoa goresteko.

Baina behin eta berriro nire mugekin topo egiten dut. “Zenbat ogi duzue?”, eta mugak geldiarazten nau, “nondik atera guk basamortu honetan horrenbeste jende asetzeko adina ogi?

Basamortuan murgilduta bagaude ere, Jainkoak bizia ateratzen du, partekatzeak sortzen duen bizia, errukiak eta maitasunak sortzen duen bizia. Jesusek ez zituen baraurik bidali nahi; berak aseko gaitu, baina ez ahaztu, bere ogia ez da amaitzen… errukiaren ogiak ez du mugarik… ez behintzat Jesusen bidea jarraitu nahi dugunontzat…

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude