HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 5
Aldi hartan, Jesusek, Espiritu Santuaren pozez beterik, esan zuen: «Bedeinkatua zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork ezagutzen Semea nor den, Aitak baizik; ezta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak baizik». Eta ikasleengana itzulirik, esan zien beraiei bakarrik: «Zorionekoak, zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak. Hara Nik esan: Profeta eta errege askok ikusi nahi izan zuen zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun».
Lukas 10, 21-24
Askotan pentsatu ohi dut Jesusek aukeratu zituen lehenengo gizon-emakumeez. Ez du ematen jakintsuenak zirenik, ezta azkarrenak ere; ez zuten Moisesen legea guztiz ezagutuko, ikusten da zailtasunak izan zituztela Jesusen mezua ulertzeko (guk ditugun bezala)… Baina Jesusek aukeratuak izan ziren.
Gu ere (ni behintzat), ez gara ez, azkarrenak, ez burutsuenak, ez jakintsuenak izango… baina Jainkoa gure bideetara azaldu eta esperientzia berri batera gonbidatzen gaitu: Jesusek berak eginiko esperientzia egitera gonbidatzen gaitu, bere bidea eginez, Jainkoarekin bat egingo dugulako.
Kontua ez da Nazareteko Jesusi buruzko liburu asko irakurri eta ikastea, ezta bere pentsaeran adituak izatea ere, baizik eta esperientzia egitea; maitasunaren, barkamenaren, apaltasunaren eta zerbitzuaren esperientzia egitera deituak gaude. Eta hau Jesusekin egin daiteke, zorioneko sentituz, Jainkoarekin bat egiten denak, gurekin bat egin nahi duelako.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments