HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abenduak 4
Aldi hartan, Jesus Kafarnaum herrian sartu zelarik, erromatar ehuntari bat etorri zitzaion, arrenka esanez: «Jauna, elbarri eta oinazetan dago nire morroia etxean». Jesusek esan zion: «Joan eta sendatuko dut». Baina ehuntariak erantzun zion: «Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat eta sendatuko da nire morroia. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du». Hori entzunik, harritu egin zen Jesus eta ondoren zetozkionei esan zien: «Egia esan, Israelen ez dut inorengan aurkitu horrenbesteko sinesmenik. Eta hau diotsuet: Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, eta zeruetako erreinuko mahaian eseriko dira, Abraham, Isaak eta Jakobekin».
Mateo 8, 5-11.
Kezkatuta dabil erromatar ehuntaria; zer egin? Etxean duen zerbitzari bat gaixorik dago, “elbarri eta oinazetan” dio testuak. Gaixotasuna azaltzen den lekuan bizia jarri nahi du, baina berak ezin dezake horrelakorik egin.
Bere ingurura begiratu, eta Bizia den Nazareteko Jesus aurkitzen du. Lehen eta orain gabiltza Bizia den iturriaren bila, eta honek galdera bat sortarazten dit: Nor da nire Bizi-iturria, nora joaten naiz, joaten al naiz Bizi Iturria-ren bila? Nazareteko Jesusengana abiatzen ote naiz? Edota gure bilaketak beste bide batzuk jarraitzen ditu?
Bere txikitasuna aitortzen duenak, Jesusen Hitzak duen indarraz jabetzen da. Zenbat aldiz esan dugu gure elizkizunetan “Jauna, ni ez naiz inor Zu nire etxean sartzeko; baina esazu hitz bat eta sendatuko naiz”?
Ez, ez gara inor, baina Zu gure bideetara etorri zara gu aurkitu nahian. Batzuetan ez-ikusiarena egiten badugu ere hortik zabiltza; ez gaituzu bakarrik eta ilunpetan utzi nahi. Zer esan, gure txikitasuna apaltasunez aitortu baino gure ahuleziak zure aurrean jarriz, barkamena eskatuz. Erromatar ehuntariak egin zuen aitorpena jarraituz, guk ere aitor dezagun Zu zarela gure Bizi; zure Hitzak argi ditzala gure bideak, sendatu gure iluntasunak, ehuntariaren antzera, zerbitzariaren zerbitzari bihurtuz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments